Gazteek herria nola sentitzen duten jakin nahi du Prebentzio Mahaiak

Gazteek herria nola sentitzen duten jakin nahi du Prebentzio Mahaiak

Prebentzio Mahaiak 14 eta 24 urte bitarteko gazteei herria nola sentitzen duten galdetuko die, eta horretarako, galdetegi bat osatu dute. Horrez gain, urtarrilaren 16an gazteen arteko topagune bat egingo dute Elkargunean, herria nola irudikatzen duten ezagutzeko. Galdetegian parte hartzen dutenen artean erosketa bonoak zozketatuko dituzte.

 

Prebentzio Mahaiak 14 eta 24 urte bitarteko azkoitiarrek zer pentsatzen duten jakin nahi du: nola sentitzen diren udalerriarekiko, zerk sentiarazten dituen herriaren parte edota zerk lotzen dituen lagunengana eta bizilagunengana. Hitza emateko asmoz, Ongizate eta Gazteria sailek galdetegi bat landu dute gazteen iritzia jaso ahal izateko. Helburu nagusia «Azkoitia bizi eta osasungarri bat eraikitzeko elkarrekin lanean jarraitzea» dela azaldu dute antolatzaileek.

Parte hartze prozesua gero Adikzioen Prebentzio Komunitarioko Tokiko Plana lantzeko oinarri gisa erabiliko da. Galde-sortak gazteek izan ditzaketen bizipen eta esperientzia positiboak hartzen ditu abiapuntutzat, lagun eta familiarekiko harremanean, herriko aktibitateetan duten parte-hartzean, kuadrilla edo talde batekiko izan dezaketen sentimenduan edota herria hobetzeko duten prestutasunean.

Ekimenaren sustatzaileak gazteak parte hartzera animatzen dituzte galderei erantzunez, dituzten ideiak edo proposamenak ezagutzera emateko duten aukera aprobetxatuz. 15 ideia edo asmorekiko bakoitzak duen asebetetze maila baloratzea eskatzen da galdeketan. Bizpahiru minutu nahikoak dira erantzuteako. Gainera, inkesta anonimoa da eta partaidearen profilari buruzko datu orokor batzuk baino ez dira eskatzen.

 

Parte hartu nahi dutenek, ondorengo loturan dute galdetegia.

 

Gazteen Topaketa

Galdetegia ez da gazteen iritzia jasotzeko erabiliko den bide bakarra. Urtarrilaren 16an, asteartean, Elkargunean Gazteen Topaketa egingo da arratsaldeko 18:00etan. Etorkizuneko Azkoitiari buruz duten ikuspegia jorratuko da saioan. 14 eta 24 urte bitartekoei zuzenduta egongo da eta dituzten ideiak partekatzeko aukera izango dute.

Erosketa bonoen zozketa

Gazteak parte hartzera animatzeko edota esker-oneko keinu gisa, partaideen artean Azkoitiko establezimendu ezberdinetan kontsumitzeko erosketa bonoak zozketatuko dira. 200, 100 eta 50 euroko hiru bono zozketatuko dira. Zozketan parte hartzeko ezinbestekoa izango da datuak betetzerakoan telefono zenbakia jartzea.

Azkoitia  osasuntsua

Prebentzio Mahaia lanean ari da herriko eragileekin ohitura osasuntsuen inguruan kontzientziazio lan bat egin eta drogen kontsumoaren arriskuez ohartarazteko. Sustatzaileek jakin badakite guztion ardura ezinbestekoa dela aurrera egiteko komunitatea osatzen duten ahalik eta eragile gehien inplikatuz, hala nola, eskolak, gizarte, kultura eta kirol esparruko elkarteak, erakundeak, guraso taldeak edota gazteak.