Gabonetan, haurrik ez jostailurik gabe

Maxixatzen.eus 2018ko urt. 6a, 11:44
Argazkian, Caritaseko boluntarioak jostailuak banatzen.

Azkoitiko haur guztiek Gabonetan opariak jasotzeko helburuarekin ari dira lanean Caritaseko boluntarioak. Urtean zehar Caritaseko jantzitegian jostailuak uzteko aukera egoten bada ere, Gabonetan egiten dute Jostailu bilketa solidarioaren kanpaina. Oso herri eskuzabala dela diote Azkoitia, eta horri esker, eskatutako 62 familiek jasoko dituzte aurten dagozkien jostailuak.

 

Jostailu bilketarekin duela urte gutxi hasi dira laguntzen Ixabel Jauregi, Amaia Ansoalde, Kristina Beristain, Estefania Ayerdi eta Urrategi Garate, baina ekimena aspalditik egin izan da Caritasek deituta.

Lehen jostailuak erregaluko paperean bilduta ematen zizkieten familiei, baina orain ez dituzte biltzen, lan handia izaten delako. «Opariak poltsetan sartzen ditugu familia bakoitzak dituen seme-alaba kopuruaren arabera sailkatuta. Duten adinaren araberako opariak ematen saiatzen gara, eskaera eta eskaintza uztartzen ahaleginduz. Pelutxeak, esaterako, asko izaten ditugu, eta horiek ume guztientzat bana sartzen ditugu poltsetan. Gutxien biltzen direnak ume kotxeak, sukaldeak... izaten dira». Jostailuak ez dituzte umeek aukeratzen, tokatutakoa jasotzen dute familiek. Jostailu preziatuenekin zozketa bat egiten dute, eta urtarrilaren 3an, opariak jasotzera datozenean zozkatzen dituzte. «Orokorrean asko eskertzen dituzte opariak guztiek», diote arduradunek.

Urte osoan egoten da aukera jostailuak uzteko Caritasen jantzitegian. Han jasotakoak lokal batean gordeta izaten dituzte, ondoren, Gabonetan banatu ahal izateko. Bestalde, Gurutze Gorriak ere ikastoletan eta ludotekan jasotakoak ekartzen dizkie. Abenduaren 22an izaten da kanpainaren azken eguna opariak Caritasera eramateko. Beraz, egun horretatik urtarrilaren 3ra jostailuak antolatzen aritzen dira. Askok ez dituztela jostailuak egoera onean ekartzen diote, zenbaitetan apurtuta daudenak izaten baitira. Beraz, ez badute balio, zaborretara botatzen dituzte.

Oparirik jaso gabe umerik ez gelditzea da ekimenaren helburua. 62 familiak eskatu dituzte aurten opariak. «Ia gehienak etorkinak dira, eta haientzat Gabonak ez dira gu bezala ospatzeko egunak, baina haurrak integratzeko modu bat da, haiek Olentzero eta Errege magoak ikusten dituztelako. Orokorrean, beti iristen gara familia denei eskatutakoa ematera, oso herri solidarioa baita Azkoitia. Esaterako, ehunetik gora familia daude jantzi eta janari bankuan. Horiei guztiei erantzun ahal izatea bada zerbait. Jende askok hartzen du parte beharrean daudenei laguntzeko», esan dute. «Bihar geuri egokitzea dago beste herrialde batetara joan eta arropa edo janaria eskatu behar izatea; beraz, orain beharrean daudenei besteok laguntzea beharrezkoa dela iruditzen zaigu. Beharra dutenei laguntzea ezinbestekoa da, bestela zer gara ba? Mundu honetan arrastoa utzi behar badugu materiala ezin dugu utzi: guk emandakoa, guri entzundakoa... geratuko zaie guregandik besteei. Gainera, beraiek ere asko erakusten digute guri; asko dute emateko.

Pixkanaka boluntario berriak ari dira sartzen Caritasen, eta taldea indartzen ari da. «Azkoitia bailarako herriekin alderatuta oso herri ahaltsua da; herri eskuzabala. Boluntario asko ditugu. Gainera, azken hiru urteetan, bereziki, mugimendu handia sumatu dugu Caritasen: gazte jende asko sartu da, eta hori beharrezkoa zen, hor lehendik daudenak eta zeudenak urte askoan aritu direlako laguntzen eta nekatuta daudelako. 70-80 urteko jende asko dago, eta erreleboa behar dute», azaldu dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide