Kabalgatako jantzien arduradunak: «Ohituta gaude eta ondo moldatzen gara, baina bere lana ematen du»

Maxixatzen.eus 2018ko urt. 5a, 12:21
Argazkian, Azkoitiko kabalgatako jantzien arduradunak: Maria Jesus Zubizarreta, Mari Karmen Ayestaran, Milagros Lete eta Tere Aranbarri.

Ehun lagunetik gora dira kabalgatan irteten diren protagonistak, eta horiek apain-apain egoteaz arduratzen dira honako hauek, besteak beste: Mari Karmen Ayestaran (Azkoitia, 1951), Maria Jesus Zubizarreta (Azkoitia, 1960), Milagros Lete (Azkoitia, 1951), Tere Aranbarri (Azkoitia, 1945). Urtez urte eta borondatez, euren etxeetan jantziak garbitu eta lixatzen dituzte, kabalgata gauean soinean janzteko prest izan ditzaten protagonistek.

 

Talde txikiak daude euren artean: zazpi lagun inguru erregeak eta pajeak janzteaz arduratzen dira eta plazako Herodesen gazteluko protagonistak janzteaz eta oholtzako atrezzoaz, beste sei lagun.
Tere Aranbarri da jantzien taldeko beteranoa; 54 urtean darama kabalgatako jantzien ardura. 1964an hasi zen bera lehenengo aldiz jantziekin laguntzen.

Gaur egun ere hasieratako arropak mantentzen dituzte. Zenbait kasutan moldaketak ere egin behar izaten dituzte, partaideen gorputzetara egokitzeko: «Lehen jende zaharragoa ateratzen zen antortxekin eta haientzako arropa handiak egin zituzten, baina gaur egun 12 urte ingurukoak irteten dira eta askotan moztu edo jaso egin behar izaten ditugu», azaldu dute. Gaur egun herriko bi eskola nagusietako ikasleak irteten dira argi-zuziarekin, bakoitzetik 30, beraz, guztira 60 antortxero. «Bere garaian oso ondo egindako arropak dira: buruko eta gerriko zintarekin… xehetasun guztiak zaindutakoak dira», gaineratu dute.

«Urtero bost labadora aldi inork ez dizkigu kentzen», diote. Kabalgata pasatutakoan, erabilitako jantzi denak garbituta eta lisatuta uzten dituzte datorren urterako. Ordea, Errege magoen jantzien telak eta Herodesenak erraz zimurtzen dira, eta horregatik, lau lagunen artean, etxera eramaten dituzte lisatzeko. Abenduaren 28an, Inuzente Egunean, biltzen dira kantzelean eta bakoitzak dagozkion arropa-poltsak hartzen ditu. Horrela antolatzen dira urtero, kabalgatarako dena prest izateko.

Jantziak otarra ezberdinetan banatuta gordetzen dituzte elkarrekin nahastu gabe txukun-txukun: Herodesen eta bere taldearen gaztelukoak, pajeenak, Errege magoenak, antortxeroenak eta erromatarrenak. Ia gehienak kabalgata sortu zenetik mantentzen dituzte, mimo osoz.
«Sasoi batean On Joaquinen etxean gordetzen genituen jantziak. Handik kantzel zaharrera pasatu genituen. Kantzela berritzeko lanetan hasi zirenean Olinpiako elizara eraman genituen. Han hautsa, hezetasuna eta zikinkeria asko egoten zen, eta arropak ez ziren ondo gordetzen. Ordea, kantzel berria egin zenean eta Olinpia bota zutenean, berriz hona ekarri zituzten arropa denak eta otarra berrietan sartu genituen. Olinpian arratoiek arropa jaten zuten. Adreiluak jartzen genituen otarren azpian hobeto kontserbatzeko, baina, hala ere, alferrik izaten zen. Hura ikusita orain zeruan gaude gela honi esker. Gustua ematen du arropa hemen edukitzeak», esan dute arduradunek.

Herodesen oholtza muntatzen dute hiru bikotek, brigadako langileekin elkarlanean. «16:00ak alderako prest uzten digute oholtza. Ateri egiten badu kanpoan jartzen dugu Herodesen gaztelua, eta euria bada, berriz, kontzejupean. Ondoren protagonistak jantzi, pintatu eta oholtza apaintzen dugu. Eta kabalgata bukatzen denean dena desmuntatu eta erabilitako material guztia txukun gordetzen dugu datorren urterako».

Hasierako urteetan ez zen eliz atariko pajerik izaten; hori gerora hasi ziren antolatzen. Jantzien arduradunek diotenez, Errege magoen tunikak pajeentzat aprobetxatu ziren eta erregeei tunika berriak egin zitzaizkien. «Oso polita izaten da gutunak jasotzeko une hori. Hasierako sasoi hartan Azpeititik ere jendea etortzen zen gutuna pajeei emateko».

Alberto Juaristi ‘Herodes’-ek iaz 50 urte egin zituen. «Pare bat egun lehenago deitzen diogu kabalgata zein ordutan izango den zehazteko, eta urtero txintxo azaltzen da. Herodesez gain, beste bost mutil gaztek hartzen dute parte, eta haiek ere fin joaten dira». Jantziei dagokienez, plazako protagonistenak denak berrituta daude duela ez urte asko.

Lanik gehiena arropak garbitzeak ematen diela diote arduradunek. «Bere lana izaten da; hiru bat buelta egiten ditugu kantzelera arropen bila. Gainera, kabalgata aurreko orduak zoroak izaten dira. Jende asko pilatzen da Santa Klaran, arropa eranzten eta janzten. Denak batera joaten dira 18:30ak alderako, eta tentsio uneak bizitzen ditugu».Hiru bat lagunek erregeak janzten dituzte. Eta beste hiru bat lagunen artean 60 antortxero eta 11 erromatar janzten dituzte. «Ohituta gaude eta ondo moldatzen gara, baina bere lana ematen du».

Bestalde, Erregeek ibilbide guztian karameluak banatzeko lan handiak hartzen zituzten antolatzaileek. «Lehen, tabernaz taberna kaxak uzten ibiltzen ginen, eta lan handia izaten zen. Iaz, ordea, gurdia karameluz beteta asto batekin jarri genuen eta askoz erosoagoa da horrela».

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide