Juan Carlos Perez: «Gauza bera egiten jarraitzeak ez nau erakartzen»

Maxixatzen.eus 2018ko urt. 10a, 12:40
Juan Carlos Perez, musikaria.

Irakurtzea maite duen musikari eta konpositore peto-petoa da Juan Carlos Pérez Gómez (Mutriku, 1958). Ez ama ez aita ez ditu euskaldunak —galiziarrak dira—, eta kalean ikasi zuen euskaraz. Zuzenbidea ikasi zuen Deustuko Unibertsitatean, eta, ondoren, pianoko ikasketak egin zituen Bilboko Kontserbatorioan zortzi urtez. Hamaika musika proiektutan ibilia da, baita produkzio artistikoetan ere; besteak beste, filmen eta telesailen soinu bandak egin izan ditu.

Itoiz izan da haren bizitzako proiektu garrantzitsuena, dudarik gabe. Taldeak beti euskaraz abesteko apustua egin zuen, eta 10 urtean —1978tik 1988ra— jendea gozaraztea lortu zuten. Ordutik beste bide batzuk jorratzen dabil, errepikatzea ez baitu atsegin.

 

Elkarrizketa hau egin edo ez bi aldiz pentsatu duzu, gure harridurarako.

Kostatu egiten zait jendaurreko gauzak egitea. Lehen, Itoizen diskoak promozionatzeko-eta errazago egiten genituen elkarrizketak; orain, ordea, gauza pertsonalak kontatzea edo nire eguneroko erritmotik aparte dauden gauzak egitea kostatu egiten zait, eten bat izaten delako.

Indar Trabesekin eman zenuen lehen kontzertua, 1974. urtean. Nola oroitzen dituzu zure bizitza artistikoaren hasierako urteak? 

Ondarroako Venecia aretoan eman genuen lehen kontzertu hura… oso berezia izan zen. Jendez gainezka zegoen aretoa. 16-17 urte genituen, institutuko giroan murgilduta geunden eta ikasturteko bidaiara joateko dirua biltzeko kontzertu bat emateko eskatu ziguten. Talde bat sortu berria genuen, Mutriku eta Ondarroako lagun musikari batzuk elkartuta. Garai hartan ez zen arrunta ezta erraza ere talde bat sortzea. Erronka bat zen guretzat. Gau hartan ez nuen lorik egin, urduritasunagatik eta emozioagatik. Hori bizitzan behin bakarrik gertatu zait. 

Orduan gu erakartzen gintuen fenomenoa, rock progresiboa edo sinfonikoa delakoa, kanpotik zetorren. Esaterako, Genesis, The Who eta Camel taldeek jotzen zuten musika zen gure eredua. Indar Trabesekin egin genuen hasierako musika hura izan zen ondoren Itoizen lehen diskoko musika. Konposizio berdinez osatuta daude. Denborarekin aldatzen joan ziren, baina mamia hori izan zen.

Itoizek hamar urteko ibilbidean zazpi disko kaleratu zituen; hari bat badute, baina soinua ez da guztietan bera.

10 urte oso intentsuak izan ziren. Asko sinesten genuen egiten genuenarekin. Aukera ederra izan zen diskoak grabatzea, gure sormen nahi guztiak botatzen genituelako. Disko bakoitza istorio ezberdin bat da; bere pertsonalitatea du. Eta kanta bakoitza, mundu bat.

Bi garai bereizten dira: Itoizen lehen hiru diskoak rock progresibo-sinfonikoarekin lotuta daude; bigarren garaian, Itoiz ezagunago egiten hasi zen, estetika zuzenagoko kantak zirelako.

Pixkanaka ofizioa ikasi genuen; jendaurrean funtzionatzeko gakoak ikasi genituen. Eta orduan hasi zen Itoizen benetako arrakasta publikoaren aurrean. Oso talde ezaguna bihurtu ginen, batez ere Marea gora eta Hegal egiten abestiengatik, besteak beste. Orduko Euskal Rock Erradikal harekin zerbait partekatzen hasi ginen, baina gu ez geunden mugimendu batean; gu rock talde bat ginen, eta geure musika egin nahi genuen, besterik gabe.

Itoizen diskorik onena zein izan zen?

Guretzat ezberdinak dira denak. Batzuk jendearengana gehiago iritsi dira besteak baino. Harritzen nau jende askori Ezekiel gustatzen zaiola eta, gainera, oso berea balitz bezala hartzen duela.

Besteak beste, Joseba Alcalde, Jose Mari Argoitia eta Bernando Atxaga idazleekin lan egin genuen; haiek sortu zizkiguten letra batzuk. Baina hitza edo esanahia ez zen guretzat inportanteena, ez orduan eta ez orain, musika baizik. Musikaren lagungarri bat besterik ez zen letra. Lehen hiru diskoetako testuak nahiko surrealistak ziren; ondo egokitzen zitzaizkion gure musikari.

Nolako harremana zenuten Euskal Rock Erradikalaren etiketapean sailkatu ziren taldeekin eta garai hartako entzuleekin?

Normala, batzuk gure garaikoak zirelako. Musikariek ulertzen zuten zein zen gure estiloa, eta errespetatzen gintuzten. Aldiz, kalean beste irudi bat genuen, “beste garai batekoak” ginelako irudia [barrez]: talde handi bat, pixka bat bere munduan bizi zena…

Sortzaileak zer-nolako ekarpena egiten dio bere gizarteari?

Sortzaileak zintzoa izan behar du eta barruan duen zerbait hori atera behar du. Gero, gizarteari ailegatuko zaio edo ez. Alegia, artistak lan bat sortzerakoan ez du pentsatu behar obraren ondorioetan; edo bai, baina hori beste kontu bat da…

Hizkuntzak zenbateko pisua zeukan Itoizen egitasmo artistikoaren barruan?

Hausnarketa askorik egin gabe, gure musikari euskaraz kantatzea ondo etorriko zitzaiola pentsatu genuen. Eta ez ginen euskaraz abesten hasi euskaldunak ginelako; izan ere, geure artean ere erdaraz hitz egiten genuen askotan. Negozioa murriztu egiten dela uste zuten batzuek, baina guk garbi genuen euskaraz abestu behar genuela. Apustu bat zen. Gure oinarri sendoen artean zerbait garrantzitsua apurtzea izango zen gazteleraz kanta bat abestea.

Atzerriko taldeentzatpixka bat talde berezia ginen, euskaraz abesten genuelako bizi osoan ingelesez kantatu izan zen musika. Espainian ere gogoan dut rocka gazteleraz abesten hasi zirenean arraroa egiten zela.

Itoiz bukatu ostean, bakarkako ibilbideari eutsi zenion. Beste gisa bateko abestiak egiteko aukera eman al zizun horrek?

Bai. Estetika jakin bat zuen Itoizek, eta horregatik utzi genuen taldea, agortua zelako jada. Jarraitu izan bagenu, estilo ezberdinak probatzen hasiko ginen, eta gure asmoa Itoiz marka jakin batekin uztea zen. Itoiz utzi ondoren, nire helburua ez zen izan berriz jotzen hastea, baina azkenean horretan hasi nintzen, eta tarteka disko batzuk atera nituen. Baina, hori bai, edozein musika estilo erabateko askatasunaz jorratzeko aukera izan nuen. Jazz mundutik jo nuen batez ere, eta beste publiko bat neureganatzea lortu nuen.

Etorkizunean bide horrek jarraipenik izango al du?

Jendeak galdetzen dit noiz kantatuko dudan berriz: «Utzi gauza arraro horiek egiteari, eta hasi kantatzen berriro!». Agian animatuko naiz egunen batean, auskalo. Oraingoz, taularen beharrik ez daukat. Eta ez da harrokeria bat. Errepikatzea ez zait gustatzen; gauza bera egiten jarraitzeak ez nau erakartzen.

Musikeneko zuzendari akademikoa ere izan zinen 2010ean. Nolakoa da akademiaren eta herri musikaren arteko harremana?

Oso gai zabala da hori. Asko pentsatzen dut horretaz. Bi mundu eta bi erregistro dira; bi jestu, esango nuke. Musika egiteko arauak daude, hizkuntza batek dituen bezalaxe. Ordea, musika arauak jakin gabe ere egin daiteke, hala edo hola, garai bateko trikitilariek belarriz egiten zutena, esate baterako. Hori da herri musika nire ustez: bat-batekotasuna. Akademian musikaren erreminta denak ikasten dira; herri musika, berriz, intuizioari jarraituz lortzen da.

Konpositore klasikoek herriko melodietan inspiratutako musika erabili izan dute euren obra sinfoniko handietan. Bi munduak bata besteari begira daude, baina zeharo ezberdinak dira. Musika sortzeko, ez da nahikoa musika jakitea; musikarekin komunikatu egin behar da, artistikoa izan behar du. Baina, horretaz gain, solfeoa jakitea edota musika aztertzea behar-beharrezkoa dela iruditzen zait.

Bi munduek bakoitzak berearekin jarraitzen du, eta gutxitan elkartzen dira. Eta elkartzeagatik elkartzea ez dut uste interesantea denik. Adibidez, orain dela gutxi Brahms-en musika “deskubritu” dut, orain arte ez bainion kasurik egiten; oso klasikoa baina bere horretan ederra, ondo eraikia. Ez nuke nahi hori moldatzea edo sinpleago bihurtzea. Zubiak ez zaizkit asko interesatzen.

Musika garaikidearen iturria agortu gabe al dago oraindik?

Bai, niretzat bai. Nire ustez, etorkizuna musika klasiko garaikidean dago, nahiz eta oso gauza marjinala izan eta oso jende gutxiri gustatzen zaion… momentuz. Ezagutzeak, gauza berriak egiteak, ikasteak… askatu egiten zaitu. Orkestrari beste soinu bat lortu nahian nabil, nirea. Obra bakoitzak bere forma eta arau propioak ditu, obra berarekin hasi eta bukatu egiten direnak. Ni horrek erakartzen nau. Bestalde, gauza berriak ezagutu beharra sentitu izan dut beti.

Kirmen Uribe idazlearekin opera bat prestatzen ari zara. Ezer aurreratu al dezakezu?

Saturraran dela izen probisionala, hau da, Mutriku eta Ondarroa artean dagoen hondartza. Txikitan haitzetan ibiltzen ginen, eta libre sentitzeko lekua zen. Horregatik proposatu nion nik ideia hori, eta berehala ulertu zuen. Musikalki janzten ari naiz orain libretoa. Lehen ez nion kasurik egiten operari, baina orain asko gustatzen zait: gauzak azaltzeko indarra dauka, eta antzerkiaren eta musikaren arteko lana da, oso espresiboa.

Beste diziplina batzuetako artistekin elkarlanean aritutakoa zara. Horrek zure sortzeko grina indartzeko balio izan al dizu?

Dudarik gabe. Hori izaten da onena: kanpotik etortzen den informazioa zurean erabiltzea. Bernardo Atxaga eta Kirmen Uribe idazleak, Mikel Laboa abeslaria, Zumeta eta Gortazar margolariak… garai bat… giro artistiko batean murgilduta egon izan naiz. Horrek bidea irekitzen dizu. Haien pentsamenduak eta artea egiteko erak musikarekin konparatzen dituzu, eta hor derrigorrezko feedbacka dago. Oso aberatsa da horiekin lan egitea; asko ikasten da. 

Gaur egungo musikan, literaturan, zineman… ba al dago harritzen zaituen proposamenik?

Nire ustez, ez dira arterako garai onenak; agian gehiegi esatea izango da, baina… Gu rocka egiten hasi ginenean, orduan zeuden taldeak oso aberatsak eta mamitsuak ziren. Hura rockaren garai klasikoa izan zen. Gainera, orduan elektrizitatea sartu berria zen musikan: gitarra elektrikoak, anplifikadoreak, bateria, baxua… Musika egiteko beste era bat sortu zen. Begietatik eta belarrietatik zerbait berria sartzen zitzaigun, soinu berri bat. Lehenengo pausoak izaten dira mamitsuenak; 60-70eko hamarkada hura sekulakoa izan zen. Filosofia ezberdin bat jaio zen, fenomeno berria, eta horrek indar handia izaten du. Ordutik ez da sortu halako fenomenorik.

Laja trikitilariaren disko bateko ekoizlea izan zinen. Herrian dugun ondarea nahikoa baloratzen al da?

Ondarea baloratu behar da, baina ez dakit zenbateraino. Agian ez da hainbeste baloratu izan; edo gehiegi, ez dakit. Niretzat oso esperientzia ona eta aberasgarria izan zen Laja ezagutzea; trikitilari hutsa baino gehiago, musikaria da. Eta haren musika ulertzeko modua ezagutzea oso kuriosoa egin zitzaidan. Gaur egun, bere ikasleei belarriarekin eta bistarekin irakasten die oraindik, elkarri begira joaz trikitia.

Itoizek Azkoitian 1983. urtean eman zuen kontzertua. Nola gogoratzen duzu?

Urola aldera etortzen ginenean ez genuen berotasun berezirik sentitzen. Ez ziguten askotan deitzen ere. Bagenituen jarraitzaileak, bai, baina hemen ez ginen etxean bezala sentitzen, Iparraldean eta Bizkaian bezala, esaterako. Hala ere, gustura jotzen genuen, eta Azkoitikoa kontzertu ona izan zen.

Gaur egun zertan zabiltza?

Denetarik egiten dut. Lan bat ardatz gisa izaten dut beti; orain, esaterako, opera idazten ari naiz. Tarteka sormen tailerrak ere egiten ditut: ikastoletan, institutuetan… Azkena Iparraldean egin nuen. Musika sormenari buruzko tailerra eman nien: Itoiz protokoloa izena jarri zioten. Lau bat musikari elkartu, eta hutsetik pieza bat sortzen hasten dira; denen artean soinua eta nortasuna duen pieza bat sortzea da helburua. Oso interesgarria da. 

Zuzenbideak zer leku du zure bizitzan?

Gaur, ikasi nuenean baino gehiago erakartzen nau. Gainera, lotura ikusten diot nire musika arloarekin. Paraleloki bietan lan egingo nuke gustura, baina ez dakit jada berandu ez ote den izango [barrez]. Gaztetan full time musikari profesionalak izan nahi genuen. Orain, ordea, lana eta alde artistikoa bateratzea gustatuko litzaidake, Pessoa eta Charles Ives-en kasuen parera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide