Ongizaterako bidean

Maxixatzen.eus 2018ko urt. 20a, 08:50
Atzegi taldea.

1960. urtean, hainbat familia elkartu, eta adimen urritasuna duten pertsonen egoera hobetzeko hazia jartzea erabaki zuten, eskuz esku, elkarlanean. Urte horretan sortu zuten Atzegi, gizartea hobera aldatzeko helburuarekin. Bailaran, 95 familia bazkide daude, 54 kolaboratzaile inguru, 800 Atzegizale, eta horien inguruan hainbat profesional. Uria Olaizola familia da bazkide horietako bat, Lander semeak duen adimen urritasuna dela eta.

 

Uria Olaizola familiaren ustez, oraindik lan asko dago egiteko adimen urritasuna duten pertsonen eguneroko bizimodua hobea eta aberatsagoa izan dadin, baina «eguneroko lanari esker» bizi kalitatea hobetuz doala ikusten dute. «Gaur egun, gizartea informatuago eta sentsibilizatuago dago: eskola egonkorretan daude seme-alabak, lan munduan ere aukerak dituzte eta kalean ere aisialdian ikus ditzakegu», azaldu dute. Taldea gurasoek, langile prestatuek, boluntarioek eta bestelakoek osatzen dutela eta, Atzegi elkarte sendotzat dute. Denek euren seme-alaben edo anai-arreben bizia errazteko asmoz lan egiten dute. Euskarri sendoa da Uria Olaizola familiarentzat Atzegi, gauzak argitzen, nondik nora joan behar zuten ikusten, zer aukera zituzten jakiten eta gomendioak jasotzen lagundu baitie. Ondo gogoan dituzte hasierako urteetan familiak nola elkartzen ziren: bakoitzak bere esperientziak eta sentimenduak azaltzen zituen, baina besteenak ere entzuten zituzten. «Beste familiak ezagutu eta elkarri laguntzeaz gain, une horietan babestua sentitzen zara, eta bakarrik ez zaudela ikusten duzu», esan dute familiako kideek.

Lander eskola egonkorreko ikaslea da. Txolarteko aisialdi taldera joaten da asteburuetan, eta udan taldearekin oporraldiaz gozatzera ere joaten da. Etxekoek azaldu dutenez, «oso gustura joaten da ekintza horietara; beretzat, kuadrillakoekin egoteko unea da». Ekintza desberdinak eginez autonomoago sentitzen dela nabaritzen dute. Gurasoek ere izaten dute zereginik, ordea. Landerren ongizatea dute lehentasun, eta hori lortzeko bidean «pila bat ikasi» dutela jakinarazi dute. Ahalik eta ekintza gehienetara joaten saiatzen dira, mundua askotarikoa dela erakusteko; «horrek egiten gaitu aberats».

Boluntarioen lana funtsezkoa da Uria Olaizola familiarentzat ere. «Izugarria da, zaila da haien lana hitz gutxitan azaltzea, baina benetan eskertzekoa da denbora librean gure seme-alabekin egotea», azpimarratu du Landerren aita Santos Uriak. Azkoitiarra da Uria, eta boluntarioak Landerren bizitzaren parte bihurtu direla esan du, denak «lagunak» direla. «Erakusteko nahiz ikasteko prest dauden gazte horiei asko zor diegu», dio. Aipagarritzat jo du, gainera, boluntarioek adimen urritasuna duten pertsonen garapen integrala sustatzeko duten helburua. Ahuleziak indartzeko bidean doaz, adimen urritasuna duten pertsonen autonomiari lagunduz.

Naroa (arreba), Esther (ama), Lander eta Santos (aita).

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide