Alex Juaristi: «Umeei pilotarako dudan afizioaren erdia transmititzen badiet, gustura geldituko naiz»

Urola Kostako Hitza 2017ko abe. 15a, 17:00
Alex Juaristi Larrañaga. / Urola Kostako Hitza.
Pilotaren sehaska dela diote Azkoitia. Dena den, azken urteotan apalduago dabil kirol hori herrian, eta bultzada eman nahian, aldaketa batzuk egin dituzte. Orain arte bi eskolatan banatuta aritzen ziren herriko pilotariak, eta, aurrerantzean, Oteiza pilota elkartearen parte izango dira guztiak. Alex Juaristi Larrañaga (Azkoitia, 1993) da klubeko presidente berria, Jesus Mari Anduezaren lekukoa hartuta.

 

Aurrerantzean zu izango zara Oteiza pilota elkartearen arduraduna. Zer esan nahi du horrek zuretzat?

Esperientzia berri bat izango da niretzat. Beno, berria ere ez; izan ere, pilota munduan bizi osoan ibili naiz, eta umeen heziketan ere badut esperientzia. Lehen Hezkuntzako ikasketak egin nituen aurrena, eta, gero, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientziak ikasi nituen. Ikasketak arlo horretan egin ditudanez, nire anbizioak ere eremu horretakoak dira. Erronka pertsonala izango da niretzat, baina badakit ezagutzen dudan mundu batean sartu naizela. Ardura bat ere izango da, aldi berean. Erronka polit bat dela esango nuke.

Zein izango dira zure egitekoak aurrerantzean?

Kudeaketa kontuaz arduratuko naiz, baina zeregin horretan elkarteko beste bi kidek lagunduko didate. Horrez gain, entrenamenduak antolatu eta gidatuko ditut. Halere, elkarteko kideak hor egongo dira, beharren arabera laguntzeko.

Beharrezkoa iruditzen zaizu errelebo aldaketa hau Azkoitian pilota munduari bultzada emateko?

Ez dakit beharra zegoen, asko esatea izango da hori. Baina lehengoak urte askoan zeuden hor lanean, eta erreta zeuden. Hainbeste urteren ondoren normala da pertsona bat erretzea. Horregatik uste dut gazteria mugitzea eta ardura hori guk hartzea etorkizunerako pauso garrantzitsua dela.

Zuk zer harreman duzu pilotarekin? Javier Zubizarreta alkateak dio 'bihotzean' daramazula…

Atano familiakoa naiz ni, eta txiki-txikitatik gertutik bizi izan dut pilota etxean. Umetatik aritu izan naiz pilotan, eta oraindik ere jarraitzen dut. Bizitza osoan pilotaren munduan ibili naiz bueltaka, eta orain ere halaxe segitzen dut. Harreman handia nuen orain arte pilotarekin, eta orain are handiagoa izango dut. Azkenean, nire mundu horretan segituko dudala iruditzen zait.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzan.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide