Mikel Laskurain eta Xabier Agirre: «Gaia gogorra da, baina umorearekin kontatuta dago»

Maxixatzen.eus 2017ko abe. 15a, 13:34
Argazkian, Mikel Laskurain aktorea, Sonia Vazquez Kultura zinegotzia eta Xabier Agirre ekoizlea.

Bihar, larunbata, 19:30ean, Txalo Produkzioak ekoiztutako Jainko Basatia antzezlana eskainiko da Baztartxo Antzokian. Obra aurkezteko Azkoitian izan dira gaur Xabier Agirre ekoizlea eta Mikel Laskurain aktorea. «Berez, egoera drama da, baina guk umoretik eraman nahi izan dugu eta oso ondo funtzionatu du». Aktoreak hainbatetan «barreari eutsi ezinik» egoten direla aipatu du «oso giro onean lan egiten dugulako, oso erlaxatuta».

 

Argudioa ere azaldu du: «Bi umek borrokan egiten dute elkarrekin eta gurasoak, formalak, ondo heziak, elkartzen dira bakeak nola egin hitz egiteko. Baina gauza korapilatzen joaten da, eta azkenean, bakoitzak bere semea defendatzen du. Giroa berotzean sekulako iskanbila sortzen da. Oso modu komikoan bukatzen da». Bitarte horretan, Xabier Agirreren esanetan, «gauza asko esaten da», oso «testu inteligentea» delako. Egoera horren aurrean, «ikuslea identifikatuta sentitzen da, oso erreala da».

Jainko basatia mundu osoan ezaguna dela azaldu du Agirrek. «Zinean ospe handia izan du». Testua Jasmina Reza autore frantsesarena da; estatuan ere antzeztu dute eta «oso harrera ona» izan du. 

Mikel Laskurainekin batera eszenatokian izango dira Aitziber Garmendia, Mikel Losada eta Tessa Andonegi, Begoña Bilbaoren zuzendaritzapean. Obra urtarrilean Durangon estreinatu zuten, eta ordutik hainbat antzokitatik igaro dira. Bukaeran beti txalo zaparrada jasotzen dute aktoreek. «Aktoreen lana –dio Agirrek- kristona da, zeren testua ez da erraza, buelta asko ematen ditu». Gainera, Laskurainek dioenez, «euskara naturala» erabiltzen dute, «ez plastikozko euskara». Emanaldia ikustera joaten denak «oso ondo pasatuko» duela agindu dute Agirrek eta Laskurainek. «Gaia gogorra da, baina umorearekin kontatuta dago», gaineratu dute.

Antzezlana ordubete eta hogei minutu ingurukoa da Jainko Basatia. Sarrerak, 6 eurotan, leihatilan bertan eskuratu ahalko dira.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide