Alex Juaristik gidatuko du aurrerantzean Oteiza Pilota Elkartea

Maxixatzen.eus 2017ko abe. 13a, 19:40
Oteiza Pilota Elkarteko gaur egungo kideak eta kide ohiak.

Alex Juaristirena eta sortu berri den lan taldearena izango da aurrerantzean Oteiza pilota eskolako ardura osoa, Jexux Anduezari erreleboa hartuz, 22 urteren ostean. "Biak txikitatik pilotariak izandakoak eta pilota barruan eraman dutenak dira; ezin aproposagoak pilota erakusteko", esan du Javier Zubizarreta alkateak gaur arratsaldeko prentsaurrekoan. 

 

Jexux Andueza pilotalekuaren kudeaketaz arduratuko da, baina ez du pilotan irakatsiko. "Sasoia joan zait. Ahalegin guztiak egin ditut Azkoitiko pilota ondo eramateko. Ordea, orokorrean, 20 urtean asko jaitsi da pilotarako afizioa, eta pena ematen dit horrek. Ni erreta nengoen, eta poza ematen dit gazteak batzeak pilota eskola aurrera eramateko", dio Anduezak. 

Alex Juaristi Larrañaga 24 urteko gazteak bigarren ikasturtea du 6 eta 12 urteko haurrei astero pilota eskolak eskaintzen, eta aurten 12 urtetik aurrerakoei, federatuei, ere hark erakutsiko die pilotan. "Lan horri jarraipena eman nahi diegu, umeek aukera izan dezaten pilotan ikasten jarraitzeko gurekin. Ilusioaren gaude, eta gure helburua umeek pilotan jokatzea da", azaldu du Juaristik.

Gaur egun 70 haur eta gazte ditu Oteiza Pilota Elkarteak, eta bat ezik beste guztiak mutilak dira. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide