Egun historikotzat jo dute Udalak eta ISB taldeak zapatukoa

Maxixatzen.eus 2017ko abe. 7a, 16:17

Urrezko LEB ligako lehen partida jokatuko dute Iraurgiko Sammic Hosteleriak eta Iberostar Palmak Elkarguneko kantxan zapatuan, 18:00etan.

 

«Saskibaloi kantxan egindako aldaketei esker, Urrezko Leb ligako partiduak bi herrietan, Azpeitian eta Azkoitian jokatuko dira. Ikuskizuna izango da larunbatekoa», esan du Javier Zubizarreta alkateak. Hori lortzeko, Espainiako Saskibaloi Federazioak homologatutako saskiak jarri dira, kantxa margotzeaz eta margailua egokitzeaz gain.

«Lehen taldeko –esan du Jose Luis Zubizarretak- mutilak Azkoitira ekartzeko borrokatzen ibili gara. Guk jokatzeko bi gune desberdin nahi ditugu. Orain arte Azkoititik Azpeitira joaten ibiltzen ziren eta iritsi da nahi genuen eguna. Hala ere, egun hau iritsiko zela bagenekien baina ez genuen pentsatzen egoera honetan helduko ginenik eta Iberostar Palma bezalako talde batek kontra jokatuko genuenik».

Garrantzitsua eta historikoa dela larunbateko partidua adierazi du bai klubarentzat eta bai Sammic Hosteleríarentzat. «Gure leloa 'Urrea gara' zen eta orain 'Urrea izaten jarraitzen dugu' da, baina lehenengo lau partiduetateik hiru irabazi genituen eta horrek errealitatea distortsionatzera ere eraman gaitu. Mailari eustea kosta egingo zaigu eta benetan borrokatu beharko dugu». Ildo horretan, publikoaren berotasunari egin dio erreferentzia.

Autobusak partidak ikusteko

Azpeititik autobusak jarriko dira partidura joateko. 17.00etan eta 17:30ean aterako dira anbulategi aurretik. Partidurako sarrerak bihar iluntzera arte, 5 eurotan egongo dira salgai. Azkoitian, Zurt tabernan. Larunbatean, ordea, sarrera 10 eurotan salduko da. «Autobusak ipiniko ditugu baina larunbat honetan bakarrik. Partidu guztietarako nahi dugu hau, baina ikusi egin beharko da jendearen erantzuna nolakoa den».

Omenaldia

Klubaren zuzendariak Anaitasuna Illarra taldea Goiko Losan saskibaloian jokatzen hasi zeneko garaiak ere ekarri ditu gogora. Izan ere, omenaldi bat egin nahi die hasieran saskibaloia bultzatakoei. «Anaitasuna Illarra hasi zenetik jende asko ibili da eta aitorpen bat egin nahi diegu, zeren batzuk hasi eta beste batzuk jarraitu dutelako gaude gu hemen».

Eskerrak

Jose Luis Zubizarretak eskertu du babesleen, kolaboratzaileen eta bi udaletxeen laguntza. Javier Zubizarreta alkateari ere eskerrak eman dizkio egindako ahaleginagatik.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide