Leo Juaristi: «Hainbat mota eta garaitako musika jo daiteke organoarekin»

Maxixatzen.eus 2017ko abe. 9a, 10:15
Leo Juaristik Azkoitiko parrokian eskaini zuen kontzertuaren unea.

Leo Juaristi Bereciartua (Azkoitia, 1960) Bergaran bizi da 1988az geroztik. Azkoitian egin zituen piano ikasketak, eta, musikazaletasunak bultzatuta, organoa jotzen ikasten hasi zen. Instrumentua maitatzea, gustukoa izatea eta horretarako gogoa eta denbora edukitzea garrantzitsua dela azpimarratu du Juaristik; izan ere, astean sei bat ordu jarduten du organoarekin. Joan den urriaren 28an, Organo Erromantikoaren Nazioarteko XVIII. Zikloari zegokion ikasleen kontzertuan izan zen, eta kontzertu berezia izan zela adierazi dio Maxixatzeni.

 

Medikua zara ofizioz. Nola uztartzen dituzu mediku lana eta organoa?

Mediku lanetan hasi eta nire seme-alabak hazi arte, ez nuen denbora asko izan organoa jotzeko. Orain, ordutegi aldetik aukera handiagoa dut lana eta zaletasuna bateratzeko. Organoa jotzeak erlaxatu egiten nau, eta, bestalde, neuronaren funtzionamendua mantentzen du.

Organoa jotzen duen azkoitiar bakarra zara. Nolatan bururatu zitzaizun organoa jotzen hastea?

Azkoitian piano ikasketak bukatu nituen Pilar Elorza Txanbolin-ekin –hemendik muxu handi bat eman nahiko nioke, gainera–. Musika gustuko nuenez, pentsatu nuen tekla duen beste instrumentu batekin hastea. Esteban Elizondorekin hasi nintzen organoa ikasten; hiru urte egin nituen harekin. Orain dela zazpi urte berriro ekin nion ikasteari, Bergaran, Aitor Olea organista eta irakaslearekin. Azken bi urteetan, berriz, Josean Pascual zuzendari eta konpositorearekin ari naiz Bergarako San Martin elizan.

Zer du organoak zuretzat erakargarria?

Haren doinuak aberasgarriak dira, eta nortasuna du bai instrumentu handietan bai txikietan. Instrumentu oso zabala da, hainbat mota eta garaitako musika jo baitaiteke organo batean edo bestean.

Organoa jotzen ikastea ez da ohikoa; zergatik dela uste duzu?

Instrumentu bakartia da, ez baita taldean jotzen. Entzunareto batzuk kenduta, gainerako ia organo guztiak elizetan daude, eta hori askorentzat ez da erakargarria. Gainera, herri gehienetan, ez dago ikasteko aukerarik; Gipuzkoan, Donostian, Bergaran eta Azpeitian bakarrik ematen dute ikasteko aukera. Azpeitian badabiltza ikasle gazte batzuk Jose Luis Franzesenarekin; Bergaran, berriz, guztiak helduak gara.

Zer behar da organoa ondo jotzeko?

Instrumentua bera maitatu egin behar da, gustukoa izan behar duzu, eta, gogoaz gain, denbora behar da.

Pianoa jotzearekin lotzen dute askok organoa jotzea; bal al dute zerikusirik?

Behatzen artikulazioa desberdina da pianoan eta organoan. Organoak, gainera, hankako teklatua du. Teklatu berdina du eskuetan eta hanketan, eta erregistroak ere baditu organoak. Zailtasunik handiena eskuak eta hankak elkarrekin koordinatzea da, esku eta hanka bakoitzak bere melodia baitu. Eskuak eta hankak ondo uztartzeko, komenigarria da hasiera batean bakoitza bere aldetik lantzea, bateratu aurretik.

Zein abesti jotzen dituzu?

Hainbat garaitako musika jotzen dut, hala nola barrokoa eta erromantikoa. Azkenaldian musika garaikidea ari naiz lantzen. Euskal Herrian organorako abestiak idatzi dituzten konpositore asko ditugu: besteak beste, Guridi, Usandizaga, Aita Nemesio Otaño eta Aldalur azkoitiarrak, Urteaga eta Balerdi.

Gehien gustatzen zaidan konpositorea J.S. Bach da: haren preludioak, fugak, koralak, trio sonatak… Ez nuke jakingo gustukoena zein dudan esaten. Momentuan ikasten ari naizen abestiekin gozatzea da nire helburua.

Azkoitiko organoak ba al du berezitasunik gainerako organoekin alderatuta?

Azkoitiko organoa Aristide Cavaillé-Collek egin zuen, 1898. urtean. Hark egindako azken instrumentu handia da, Cavaillé-Coll 1989an hil baitzen. Organo erromantiko-sinfonikoaren eredua da. Berezitasun modura ditu organo nagusiaren tronpeta harmonikoaren eta turuta harmonikoaren erregistroak, organoaren aurrealdean daudenak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide