Espainiako Gobernuaren EAEko Ordezkaritzak Gure Esku Dagori emandako diru laguntzaren informazioa eskatu dio Udalari

Maxixatzen.eus 2017ko abe. 5a, 11:28

Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkari Javier de Andresek herri galdeketa diruz laguntzeagatik informazioa eskatu dio Azkoitiko Udalari.

 

Maiatzaren 7an egin zen herri galdeketa Azkoitian, eta Udalak diruz lagundu zuen egitasmoa. Hori dela-eta, diru laguntza horren gaineko informazio eskatu dio gutun bidez de Andresek udalari.

Ana Azkoitia zinegotziak azaldu duenez, «diru laguntza hori eman zenean, kultur taldeei deialdia egin zitzaien, eta deialdi bateratu baten barruan eman zitzaion eskatutako diru-laguntza Gure Esku Dagori». «Diru laguntza hori ilegala izan daitekeela uste dute, gure eskumena ez delako. Udalak ez zuen herri galdeketa diruz lagundu; ekintza kulturalak egiteko diru-laguntza eman zuen Udalak», azpimarratu du Azkoitiak.

Espainiako Gobernuaren EAEko Ordezkaritzak epaitegian eskaera sartu du, eta orain epaitegiak azalpena edo txostena bidaltzeko eskatu dio Udalari. Azkoitikoa, ordea, ez da halako eskaera bat jasotzen duen lehen herria; izan ere, besteak beste, Hernanin eta Leaburun ere gertatu dira halako kasuak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide