Durangoko Azokan izango diren azkoitiarren letrak eta soinuak

Maxixatzen.eus 2017ko abe. 5a, 12:28

Durangoko Azokak bihar irekiko ditu ateak, eta igandera bitartean, beste urte batez, Euskal Herriko kulturaren plaza bihurtuko da. 2017ko euskarazko liburuen eta diskoen uztan, badira azkoitiarrek edo azkoitiartuek idatzitako liburuak eta sortutako diskoak. Ez hori bakarrik: bada bestek sorturikoak argia ikus dezan euren harria jarri duenik ere.

 

Letrak

- Felipe Juaristi, batik bat, poeta gisa da ezaguna euskarazko letren plazan, baina bukatzera doan urteko martxoan Iraganik gabe (Erein) izeneko nobela laburra argitaratu zuen. Nobela Erein argitaletxearen Pertzebal gazte-literatura sailean argitaratu bazen ere, helduek ere berdin-berdin irakur dezaketen liburua da. Perpaus labur eta zehatzez idatzita dago Juaristiren testua. Nobelaren izenburuak iradokitzen duen moduan, protagonista iraganik gabe gelditu da, ez du oroitzen nor den. Juaristiren hitzetan «nobela filosofikoa» da Iragan gabe, irakurleari erraz erantzutekoak ez diren galderak egiten dizkiona: iragana erabat atzean utzi liteke? Hutsetik bizitza berri bat hasi liteke? Iraganik gabek nobela beltzaren trazak ere hartzen ditu, eta Euskal Herriko egoera politikoarekin lotura duten galderak egitera eraman dezake irakurlea.

- Apirilarekin batera iritsi zen liburu-dendetara Juan Luis Zabalaren Ospa (Susa) ipuin-bilduma, 23 narrazio laburrez osatutako liburua. Nahiz eta Zabalaren ekoizpenak ez duen etenik izan, 1994ko Sakonetatik ipuin-libururik argitaratu gabea zen. Prosa gardenez eta zehatzez idatzita daude liburuko ipuinak. Ipuinetako gaiak askotarikoak dira, baina oso Zabalarenak guztiak ere: punk mugimendua; artistak, sorkuntza eta kulturaren industria; bikote-harremanak; txirrindularitza. Ipuin guztietako pertsonaiak bizi diren garaia eta lekuarekiko arroztasunak zeharkatzen ditu, ihes egiteko premiak, eta, aldi berean, ihes betearen ezintasunak. Ezintasun horrek ipuin guztietara hedatzen du desengainuaren itzala. Dena den, erabateko ihesik ez, baina bada poz txikietarako biderik: bizitzaren aurreko begirada ironikoa, artea eta literatura, iraganeko sasoi hobeen oroimena. Esaterako, haurtzaroko bakardade eta beldurren isla ezin ederragoa irakur liteke Altzibar auzoan girotutako Ohol gaztelua ipuinean.

- Julen Garateren lehenengo liburuak, Argi estalia nobelak, udaberrian ikusi zuen argia. Nobela Garatek izenpetuta egon arren, egiletza kolektiboa dauka Argi estaliak; besteren artean, testuaren sorkuntzan esku hartu zuten Aitor Arrutik, Edurne Lazkanok eta Juan Luis Zabalak. Garatek berak adierazi du bere asmoa ez dela izan literatura jasoa (Atxaga, Lertxundi, Saizarbitoria edo Sarrionandiaren parekoa) egitea, denbora-pasarako nobela dela berea.

Argumentuari dagokionez, abiapuntuan, herentzia baten banaketa dago. Emakume bat, Agustiñe, hil ondoren, abokatu baten bulegoan biltzen dira haren seme-alabak eta lagun bat, hildakoaren ondarea banatzeko. Nobelan familia horren gorabeherak kontatzen dira, eta istorioan berebiziko garrantzia dauka hildakoaren oinordekoen aitak.

- Uda ostean ikusi zuen argia Seamus Heaney (Derry, 1939; Dublin, 2013) poeta irlandarraren poema-antologiak (Munduko Poesia Kaierak, Susa). Xabi Borda poeta azkoitiartuak ekarri ditu euskarara antologia osatzen duten Heaney-ren poemak. Aurretik Heaney-ren hiru poema soilik irakur zitezkeen euskaraz: Glannoreko xoxoa eta San Kevin eta xoxoa (Patxi Ezkiaga itzultzaile; Erlea, 2010, 2. zenbakia) eta  Basaran pattarra (Luigi Anselmi itzultzaile; Bertzerenak, Pamiela, 2006).

Gure garaiko poetarik entzutetsuenetakoa da Heaney, akademiak eta kritikak laudatua eta irakurleek estimatua, 1995ean Literatura Nobel Saria irabazi zuena. Heaney-ren poemetan toki nabarmena dute haurtzaroko oroitzapenek, gomuta horiek kokatzen diren pasaiak, landa-eremuko herritarren bizimoduak: dena den, irakurleak ez du aurkituko nekazaritza-munduaren idealizazio xalorik poemotan.  Era berean, ezin da aipatu gabe utzi Heaney-ren poesian Irlandako gatazka politikoak daukan presentzia. Gurpilak gurpiletan izeneko poemak «Dena den, nor dago eman diotenarekin etsitzeko prest?» dio. Eman zaigunetik ihes egiteko eta ezagutzen ez dugunera iristeko leihoa izan daitezke Bordak euskarara ekarritako Heaney-ren poemak.

- Durangoko Azoka bezperetan argitaratu da, bestalde, Silvia Federiciren Caliban eta sorgina liburua. Jakinek eta Elkarrek elkarlanean argitaratuta, feminismoaren mugarrietako bat da gaur egun, eta Eskafandra edizio taldearen hirugarren emaitza. Lehen aipatu dugun Argi estalia liburua osatzen partaide izandako Edurne Lazkanok eta Aitor Arruti Azkoitiko urrestildarrak euskaratu dute elkarlanean.

 

Soinuak

- Aurtengo udazkenean ikusi du argia Abaunzen Zikintasun ilune Epak —SoundCloud-en entzun liteke lan osoa—. Lan hori ez da Abaunzen estreinakoa: bere kantu solteak sarean entzun daitezke, eta aipamen berezia merezi du Iberian Juke izeneko bi bildumetan (espainiar estatutan footwork eta juke musika-estiloei buruz atera diren lehenengoetan) Abaunzek bi piezekin parte hartu izanak. Zikintasun ilune laneko lau piezek hainbat musika-estiloren ñabardurak dituzte, baina aipagarria da EP osoa zeharkatzen duen garai bateko black metal diskoetako soinu zikinaren arrastoa.

Grime musika-estiloan ohikoak diren sintetizadoreak entzun daitezkeen Granatie kantuan, musika elektronikoan erabat arrotza den blast beat bateria-erritmoak kolpatzen ditu entzulearen belarriak; bigarren piezan, Bizitza erratuak izenekoan, ongi antolaturiko perkusio-anabasan Akauzazte azkoitiarren samplerrak entzun genitzake. Arestian aipaturiko estilo-aniztasunaren erakusgarri dira bildumako beste bi kantuak: EHGk grime eta hip-hop ukitu nabarmenak ditu, eta, Abruptum, berriz, witch house estilora hurbiltzen da. Batean zein bestean itotako Amaia Zubiriaren samplerrak atmosfera liluragarri eta iradokitzailea sortzen du.

- Alberto Martinez gitarra-jotzailearen —Kasik eta Passepartout taldeetako kide ohia— Zizel proiektuko lehenengo kantua eta bideoklipa, At izenekoa, azaro amaierarik entzungai eta ikusgai dugu. Martinezen hitzak ditu kantuak, eta gitarraz, oinarri elektronikoz, bateriaz, teklatuz eta sintetizadorez egindako jantzia ere Martinezek berak sortua da. Hurrengo kantua 2018ko udan argitaratuko du, eta folk, country, rock eta elektronika uztartzen dituen kantuez osatutako diskoa datorren urteko irailean argitaratzea aurreikusten du musikari azkoitiarrak. Lehenengo kontzertua Bartzelonan emango du, Sidecar aretoan, Zea Maysen aurretik. Herrian bertan jotzeko ere gogotsu omen dago.

- Anariren iragazkitik pasatako kantu berri bat entzuteko aukera ere eman digu 2017ak. Izan ere, bIDEhUTS zigiluak kaleratu duen Mirailak. Gure arteko begirada zeharkakoak izeneko lan kolektiboan esku hartu du kantari azkoitiarrak Audience, Inoren Ero Ni, Joseba Irazoki, Jupiter Jon, Lisabö, Mursego, Nireeta Sacco-rekin batera. bIDEhUTS zigiluaren hamargarren urteurrena ospatzeko egindako disko honetan, Anariren kantu bat bere zigilukide batzuek joko dute, eta, Anarik, berriz, bere egingo du bere kide eta lagunen kantu bat.

-THE FRIDAY´S CREW taldiak 10 urte baino gehiagoko ibilbidea duen taldeak laugarren lana aurkeztuko dute Durangoko Azokako edizio honetan. THE FRIDAY´S CREW "HARRESIEN GAINETIK". Taldeko partaide bat azkoitiarra da.

 

Konplizeak

- Durango Azoka iristear den honetan, Balea Zuria argitaletxeak bere lehen lana argitaratu du, Luis Garderen Barbaroak baratzean poema-liburua. Argitaletxearen sortzaileen artean dago Felipe Juaristi idazle azkoitiarra, Aritz Gorrotxategi, Juan Ramon Makuso eta Pello Otxoteko idazleekin eta Imanol Larrinaga margolariarekin batera.

Sortu berri den argitaletxeak poesia eta saiakera literarioa argitaratuko ditu. Juaristiren beraren arabera, azken urteetan argitaratutako poesiaren kopuruak behera egin du. Irakurleen eskuetara iristeko aukerarik izan ez duen poesia onak argia ikustea da argitaletxe sortu berriaren helburuetako bat. Gainera, DK poesia lehiaketa ere jarri du martxan argitaletxeak, Donostia Kulturarekin elkarlanean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide