Txalintxoko kideek #BOTABA lehiaketako sari nagusia irabazi dute

Maxixatzen.eus 2017ko aza. 29a, 09:47

Txalintxo tabernako kideek, The Kilkers taldeak, #BOTABA Euskal Esamoldeen Erronka lehiaketako sari nagusia irabazi du. Baldatxoa bialdu, erre einda eon eta jako haut palikin esamoldeekin egindako bideoak irabazi du sari nagusia. Europako hirubururen batera lau lagunentzako bidaia irabazi dute.

 

Ibon Arrieta The Kilkers taldeko kideak azaldu duenez «oso gustura» daude. «Esan digutenez, lehiaketak iraun duen hiru asteetan bideoak igotzea hartu dute kontuan», esan du Arrietak. Hiru aste horietan bost bideo igo dituzte Txalintxoko kideek. Buruan zapaldu nahi duten hiriburua zein den garbi dutela azaldu dio Maxixatzeni Arrietak. «San Petersburgora joan nahi dugu, baina bidaia agentziarekin negoziatu behar dugu orain». Sari nagusia irabazteak sortu zion taldeari lehiaketan parte hartzeko motibazioa. «Europara lau lagun joateko bidaia irabazteak piztu zigun gogoa», adierazi du Arrietak.

Labayru Fundazioak, Gaztea Irratiarekin elkarlanean, #BOTABA Euskal Esamoldeen Erronka lehiaketa antolatu du euskarak berezko dituen esamoldeen erabilera sustatzeko. www.botaba.eus webgunean eta Gaztea Irratiko Di-da saioan iragarriko dute irabazlearen izena. The Kilkers taldeak abenduaren 6an jasoko du sari nagusia, Durangoko Azokan.

Lehiaketaren bitartez, hango eta hemengo hiztunek lagunartean, etxean… darabiltzaten esamoldeak batu eta sare sozialetan zabaldu nahi izan dira. Horretarako, asteko gaiari lotutako esamoldeetako bat aukeratu edo berri bat proposatu behar izan dute parte hartzaileek; ondoren, 20 segundoko bideo bat egin eta, azkenik, bideoa Instagramera igo #botaba traola erabilita.

Asteko sariak Atsegin dut gehien lortzen dituztenen artean banatu dituzte, eta lehen asteko saria ere irabazi zuen Txalintxo tabernak; argazki kamera bat eskuratu zuten.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide