2018rako Aurrekontu Orokorren proposamena egin du Udal Gobernuak

Maxixatzen.eus 2017ko aza. 28a, 14:27
Ana Azkoitia ogasun zinegotzia eta Javier Zubizarreta alkatea.

Udalak 14.100.000 euroko aurrekontu orokorra izango du 2018rako. Kopuru horretatik, 1.207.500 euro inbertsioetara bideratuko dira, Udal Gobernuaren 2018ko Aurrekontu Orokorren proposamenaren arabera. Javier Zubizarreta alkateak eta Ana Azkoitia Ogasun zinegotziak gaur aurkeztu dute esku artean duten proposamena.

 

«Udal baten funtzionamendurako derrigorrezkoa da diru partidak zehaztuta izatea. Horretarako urtero hiru galderari erantzun behar izaten diogu: zer nahi dugu, norentzat nahi dugu eta zenbat diru behar dugu», hasi da Javier Zubizarreta alkatea. «Hori da lehentasunak finkatzea; hori da zailena».

2018ko aurrekontuak aurreko bidetik doazela argitu dute, ondoren. 14.100.000 eurokoa izango da udal gobernuak 2018rako aurkeztu duen aurrekontu orokorra. Iazkoa, 15.790.000 eurokoa izan zen. Aldea Urrategiko bideko urbanizazio lanetan dagoela azaldu dute. Iazko Urrategi Bideko lanen exekuzio partidak kenduta, iazko aurrekontua 14.045.000 euroko izango litzatekeela adierazi du Ana Azkoitia Ogasun zinegotziak. Beraz, 2018rako aurrekontua iazkoa baino zerbait altuagoa dela esan du. «Aurrekontu kontsolidatuak Udalaren, Elkargunearen, San Jose Egoitzaren eta Azkoitia Lantzenen aurrekontuak batzen ditu. Dagoeneko Elkarguneko aurrekontua dagokion batzordean aurkeztu dugu», eman du aditzera Azkoitiak.

Udaleko aurrekontuari dagokionez, Ogasuna eta pertsonalaren atalean, 211.000 euro gehiago jarri dituzte. Arrazoiak azaldu dituzte segidan. «2017an udaltzainen plazak atera genituen eta prozesu guztia amaitu ostean, lau udaltzainek Arkautera joan behar izan dute. Horien lau ordezko ekarri behar izan dira, eta horrek 80.000 euroko igoera bat suposatu du», azaldu du Azkoitiak. Horrez gain, datorren urterako langileen soldatetan %1,5eko igoera aurreikusi dute.

Kultura eta gazteria sailetan aurrekontua %6 igo dute. Ia 61.100 euro gehiago jarriko dituzte. «Apostu nagusiak dira antzerkiaren sustapena eta Elkargunetik kudeatzen den gazteriaren zerbitzuen hobekuntzak», azaldu du. Besteak beste, Topalekuak 13-17 urte arteko gazteei zuzendutako zerbitzuak egun bat gehiago izango du, hau da, astearteetan ere zabalik egongo da, eta ostiraletan ordu bat gehiago egongo da irekita. Hezitzaileek ere beren barne lanerako ordu gehiago izango dituzte. Horregatik guztiagatik, Udalak Gazteria Sailetik Elkargunera egingo duen ekarpenak 52.000 euroko igoera izango du.

Festak eta kirolak sailerako, aldiz, 20.000 euro gehiago jarri dituzte, horrek %2ko igoera suposatzen du. Azkoitiak azaldu duenez, «nagusiki» andramaixetako egitarauak eragin du igoera. «Aurten arratsaldeetan kale ikuskizunak eskaini dira, eta arrakasta izan dutela ikusita, datorren urterako partidak igotzea erabaki dugu, iaz jarritako partida ez baita nahikoa izan», esan du ogasun zinegotziak.

Kirolari dagokionez Udalaren asmoa da «pilotari bultzada» ematea, eta horretarako diru kopuru bat aurreikusi da. «Kirol Sailetik Elkargunera egiten dugun ekarpena iazkoa baino baxuagoa izango da, nahiz eta inbertso maila mantendu. Horren arrazoia erabiltzaile eta bazkide kopuruaren igoeran dago, horrek kudeatzen duen enpresari egiten zaion diru-laguntzaren jaitsiera dakarrelako», adierazi du Azkoitiak. Elkarguneko inbertsioen artean, besteak beste, gimnasioko gelaren lekualdatzea eta bertan egingo diren berrikuntzak azpimarratu dituzte.

Hezkuntza sailean, eskola jardueretarako partida igo egin da. Euskararen diru kopurua mantendu den arren, programa desberdinetarako diru gehiago erabili ahalko dela adierazi du. «Itzulpenen gastua murrizten doa, eta diru hori euskararen beste aktibitate batzuetarako bideratuko da. Partidaren kopurua berdina izango da, baina bertan berrantolaketa bat egingo da itzulpenena jaitsi egiten delako eta bertan gelditzen den dirua euskara bertan geldituko da, beste aktibitate batzuk sustatzeko», azpimarratu du. Gainera, euskarazko komunikabideei emango zaien laguntza %5 igoko zaiela nabarmendu du.

Ongizatean praktikan igoera emango da diru partida jaitsi arren. Iaz etxez-etxeko laguntza emateko 500.000 euroko partida jarri zen, eta errealitatean 400.000 euroko gastua izan da erreala. Horregatik, 2018ra begira, 475.000 euroko partida jarriko da eta etxez-etxeko ordenantza berri bat onartuko da. Horrek igoera bat ekarriko du zerbitzu berriak jartzen direlako. «Etxez etxeko laguntzaren inguruan ordenantza berria onartuko da bihar, mapa sozialak agintzen duen moduan. 365 egunetan eskainiko da zerbitzua. Irunen ondoren, oker ez bagaude, bigarren herria izango da Azkoitia ordenantza berritzen», jakinarazi du zinegotziak. Prebentzio alorra sustatzea da Udalaren beste apostuetako bat, eta horretarako partida bikoiztea nahi du, 18.000 euro emanez.

Berdintasun sailean, 4.000 euro gehiago jarriko dira. Ingurumenari dagokionez, %5eko jaitsiera proposatu dute, Urola Erdiko Mankomunitateari egin beharreko ekarpena gutxituko dela. «2017rako ontzi arinen sailkepenegatik ez genuen diru iturririk aurreikusi Mankomunitatean, eta arazo hori konponduta dagoenez, eta 2018rako ontzi arinengatik diru sarrerak aurreikusiko direnez, egin beharreko ekarpena gutxituko da». Horrez gain, 2017rako inbertsio bezala, industria-guneetako bilketa egiteko ontziak erosteko partida aurreikusi zen, eta jada 2018an ez da erosi beharko.

Labubilduz, «aurrekontu kontinuistak» izango direla azaldu du Ana Azkoitiak. «Inbertsioetarako, sail denetan, 1.207.500 euro izango dira. Iaztik apur bat jaitsi da». Iazko inbertsioetarako partida hiru miliotik gorakoa zen, baina azaldu dutenez «Urrategi Auzoko bideko urbaniazioaren lanak zeuden tartean».

Hainbat proiektu eskuartean

Proiektuei dagokionez, «garrantzitsuena eta aurrera atera nahi duguna parke estaliarena da», azaldu du Azkoitia zinegotziak. Kokapena ikusten ari dira eta 150.000 euro bideratuko dira horretarako. Azkoitiak ez du azaldu non egin nahi den. «Kokapena aurkitu arren esan digute leku horretan ezin dela egin, daudenak ere ez ditugu estali nahi... 2018an buru-belarri hartuko dugun gaia izango da», jarraitu du. Ondoren Zubizarreta alkateak hartu du hitza. «Gai garrantzitsua da. Ondo egin nahi dugu, ez dugu petatxu bat izaterik nahi».

Plaza Berriaren berritze proiektu bat ere landu nahi da, eta San Martingo Balda Kaleko hobekuntzak ere azpimarragarrienen artean sailkatu dituzten alkateak eta ogasun zinegotziak. Floreaga auzorako iaz jarritako partida, berriz, 2018. urtean exekutatuko da. Proiektu horiekin igerilekuaren handitzea ere badute eskuetan. «Zer egin daitekeen aztertzea da gure asmoa». Horretarako aurten gaur egungo Elkargunean bertan zein alternatiba izan daitekeen aztertzeko azterlan bat kontratatu du Udalak. «Ikusten dugu beharra dagoela. Kontua da soluzio merkerik ez duela. Lanerako prestutasuna dugu, zer egin daitekeen ikusiko dugu, eta eskatuko ditugu diru laguntzak behar den tokian», azaldu dute jarraian.

Horrez gain, 450.000 euro erabiliko dira argi elektrikoaren kutxa edo kuadro elektrikoak berritzeko proiektuan. Aurten egin da proiektua, eta 2017rako jarritako 200.000 eurorekin eta aurten jarritako 250.000 eurorekin osatuko dira partidak. 2018an kutxa elektriko guztiak berritzeko asmoa dagoela adierazi dute.

«Zerbitzuen kalitatea mantendu eta hobetzea, inbertsioetan herriaren gehiengoaren eskaerei erantzutea eta hauteskunde programa betetzen jarraitzea da» Udal Gobernuak duen irizpidea. Beste alderdiei aurkeztu diete proposamena, eta haien ekarpenen zain daude orain. Abenduren 27ko udal osoko bilkuran bozkatuko dira 2018rako Udal Aurrekontu Orokorrak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide