Udalak OHZren tipoa bere horretan utziko du eta KPIa igoko du gainerako tasa eta zergetan

Maxixatzen.eus 2017ko aza. 27a, 10:25

Azkoitiko Udalak orokorrean KPI igoko du datorren urtean tasa eta zergetan. Ondasun Higiezinen Zergaren (OHZ) kasuan, berriz, tipoa bere horretan utziko du. Horrela, irizpide orokorra da %1,5eko igoera aplikatzea.

 

«OHZaren edo IBIaren kasuan, tipoa mantendu egingo dugu zeren beste udalerri batzuekin alderatuz, zertxobait goitik gaude», dio Ogasun zinegotzi Ana Azkoitiak. Posizio horren arrazoia da, azaldu dutenez, «2016an onartu zirela balio katastralen ponentziak eta horrek ezberdintasunak eragin ditu herrien artean».

Ur hornitze, saneamendu eta azpiegiturei dagokionez, familia unitateko pertsonen kopurua kontutan hartuta finkatuko da tasaren ordainketa. Udalaren eta Kontsortzioaren tarifen arteko ezberdintasunaren aurrean, udalak nahi duena da «pixkanaka berdintzen joatea 2020ko ekitaldirako parekatuz».

Aurreko urteetako irizpidearekin jarraituz, Udala ahalegindu da biztanleko presio fiskala erdi parean kokatzea Gipuzkoako hogei bat udalerriren erreferentziak aintzat hartuta.

Diru-laguntzak hobarien ordez

Hobarien erregimena indarrean dagoen zerga araudira egokitu ahal izateko, zabor eta ur tasetan araututako hobariak diru-laguntza bihurtuko dira, eta familia bizikidetzako pertsona kopuruaren arabera emango dira. Aldaketa honek esan nahi du onuradunek laguntza tasa ordaindu ostean jasoko dutela eta ez hobariak bezala, hauek zuzenean aplikatzen baitira karguan. 2016ko ekitaldian, 52 familia izan ziren ur eta zabor tasetan hobariak jaso zituztenak.

Erakusketa publikoa amaituta

Irailaren 27ko udalbatzan onartu ostean, erakusketa publikoan egon dira ordenantza fiskalak eta erakusketa amaitu ostean, onartuta geratu dira.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide