'Bizkaia', musika eta dantza

Urola Kostako Hitza 2017ko aza. 24a, 15:58
Argazkia: Urola Kostako Hitza

«Hasiera zirraragarria eta bukaera oso polita» dituen ikuskizuna prestatu dute aurtengo sanandresetarako Sahatsa dantza taldeak, Musika Bandak eta Iraurgi abesbatzak, bi urtean behingo hitzorduari hutsik egin gabe.

 

Danbor hotsen aurretik, San Andres aurreko zapatuan izango da bestelako musika doinurik Azkoitian. Bi urtean behin, sanandresek hitzordu berezia eskaintzen diete herriko musikazaleei eta dantzazaleei, eta 2017a da urte horietako bat. Sahatsa dantza taldeak, Musika Bandak eta Iraurgi abesbatzak indarrak batu dituzte beste behin, festetako egitarauaren barruan ikuskizuna eskaintzeko. Bizkaia da aurtengorako prestatu dutenaren izenburua. Baztartxo antzokian emango dute, 18:00etan.

Izenaren jabe izango da biharko ikuskizuna. Bizkaiko doinuak eta dantzak edo Bizkaiarekin lotura zuzena dutenak entzuteko eta ikusteko aukera izango da Baztartxon: Pablo Sorozabalen eta Jesus Guridiren lanak, doinu eta abesti herrikoiak, eta Benito Lertxundirenak.

Sahatsak iazko Azpeitia Dantzan egitasmoaren barruan eskaini zuen pasarte batetik abiatuta sortutako ikuskizuna dela azaldu du Juan Luis Lizabe dantza taldeko kideak, eta dantzari dagokionez badu berrikuntzarik Bizkaian egingo dutenak: “Lehenengo aldiz, bi talde eginda plazaratu genituen dantzak, mutilen taldea batetik eta haren paraleloan nesken taldea, denak Bizkaiko dantzak egiten. Emaitza polita zela ikusita, pentsatu genuen aurtengo sanandresetarako ere egokiak izango zirela dantza horiek”.
Ordubete eskasean, “asko landutako koreografiak” ikusteko aukera izango dela adierazi du Sahatsakoak, “eta Sorozabalek bandarentzat eta abesbatzarentzat sortutako pieza nahikoa ezezagun bat ere bada tartean. Hasiera zirraragarria eta bukaera oso polita dituen ikuskizuna da”. Idi bat eta gurdi baten gurpila ageri dira Bizkaia iragartzeko kartelean; Sahatsako Alain Sorazu azpeitiar dantzariak marraztu ditu biak.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen loturan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide