Txintxarri taldeak sukaldari jantziak estreinatuko ditu danborradan

Maxixatzen.eus 2017ko aza. 24a, 10:32
Argazkiak: Udala

Duela hiru urte atera zen estrainakoz Txintarri taldea danborradan. Udaletxera joan ziren danborradan irteteko aukerarik ba ote zuten galdetuz Javier Zubizarreta alkateari. Ordutik urteroko hitzordua da danborradako talde gazteenarentzat.

 

Horrela gogoratzen du Txintxarri elkarteko Luis Fernandezek. «Entzun genuen, Udalak jende gaztea nahi zuela danborradari bultzada bat emateko eta halaxe pintxo potean genbiltzala lauzpabost lagun, elkarri esan genion 'gu koadrilan asko gaituk eta zergatik ez gaituk danborradan irteten?' Bi arrazoirengatik izan zen nagusiki. Koadrilan asko ginelako eta gutako asko lehendik ere beste talde batzuetan ateratzen ginelako danborradan».

Erantzuna baiezkoa izan zen. «Lokalean proposatu genuen ideia, eta 30 lagunek baino gehiagok baiezkoa eman zuten. Orduan udaletxera joan eta Javier Zubizarreta alkatearekin eta kultura saileko arduradun batekin egon ginen. Bi baldintza jarri zizkiguten: batetik, gutxienez 30 bat laguneko taldea osatzea, eta urte batzuetan jarraitzeko konpromisoa geure gain hartzea. Eta ez gara damutu», dio Fernandezek.

Sukaldari jantziak soinean zituztela atera ziren. Aurretik beste batzuk utzitako jantziak berreskuratu zituzten. Larunbatean, ordea, berriak estreinatzea tokatuko zaie. Eta bandera ere berria eramango dute, oraintxe bordatutakoa.

Zapietan txintxarriaren ikurra ikus daiteke. «Asko gustatu zaizkigu jantziak. Eman zitzaigun aukera Kultura sailetik beste jantzi batzuk egiteko, baina sukaldariarenarekin jarraitzea erabaki dugu». 40 lagun inguru aterako dira. «Gero eta gehiago gara. 2016an, bigarren urtean, talde mistoa osatu genuen, eta orain neskak eta mutilak ateratzen gara».

Gainera, umeen danborradan ere erabat murgildu da Txintxarri elkartea eta beste askoren artean ondo merezitako lana egiten dute gazteek. Iaz umeen danborradan laguntzen aritu ziren eta datorren urtean, 2018an, euren ardurapean aterako den umeen taldeak euren jantzi berdina eramango du. «Aurrekoan ez genuen lortu baina aurten uste dut dena aurrera aterako dela. Lana da, baina pozik ibiltzen gara», azaldu du Fernandezek.  

Iturri jatetxean 19:30ean jarri dute hitzordua. Ondoren, 22:00etan puntuan prest egongo dira gainerako taldeak bezalaxe gauaz gozatzeko.

Erlazionatuak

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide