Sanandresak aurkeztu dituzte herriko hainbat eragilek

Maxixatzen.eus 2017ko aza. 23a, 15:38
Hainbat eragiletako ordezkariak bildu dira gaur eguerdian Balda plazan.

Urtero legez, egun handia San Andres eguna izango da, baina horren bueltan ere izango dira ekimenak herrian. Hain justu, datozen egunetan festen protagonista izango diren hainbat lagun bildu dira egitaraua aurkezteko eta herritarrak ondo pasatzera gonbidatzeko.

 

Larunbateko danborradan bederatzi taldek hartuko dute parte, 400 lagun inguruk. Egun berean, aurretik kirola izango da nagusi. Plater tiraketa, San Andres Igeriketa Saria eta XIII. Herri Lasterketa jokatuko dira.

 

'Bizkaia' ikuskizuna

Aurten bi urtez behin Sahatsa Dantza Taldeak, Iraurgi Abesbatzak eta Azkoitiko Musika Bandak elkarrekin ekoizten duten emanaldiaz gozatzeko aukera izango da Baztartxo Antzokian. Sahatsako zuzendari Juan Luis Lizabek azaldu duenez, “Bizkaia” izango da ikuskizunaren izenburua. «Hasiera hunkigarria eta bukaera polita» izango duela iragarri dute arduradunek. Pablo Sorozabalen eta Jesus Guridiren lanak, doinu eta abesti herrikoiak eta Benito Lertxundiren abesti garaikideak eramango dituzte eszenatokira. «Mendez mende iraun duten dantza tradizionalez gain, ikuskizunean zehar taula gainean sortuko diren musika tresnen eta ahotsen doinuei, sortu berri diren koreografiek gozatuko dute irudia».

Azaroaren 26a, igandea, baserri munduari eta baserriko produktuei eskainiko zaie, erakusketa eta salmentarekin. Nobedade gisa, haurrentzako herri kirolekin loturiko ekintzak ere antolatu dira eta Goiko Losan izango dira. Herriko kaleetan ibiliko dira, halaber, Bizkargi Musika Eskolako dantzariak, Xabier Munibe ikastolako eta Floreaga ikastetxeko Kandiola Dantza Taldea eta Txalkor Txistulari Taldea.

 

1.000 ume Marrazki Lehiaketarako

San Andres eguna ere beteta dator. Txuri Urdin elkarteak antolatu ohi duen marrazki lehiaketan 1.000 umek eman dute izena. Horrela dio Jose Luis Otero arduradunak: «Umerik ez dagoela esaten dugu, baina mila haurrek eman dute izena. Aurtengoa 36. edizioa da».

Batzuk marrazten duten bitartean, trikitilari eta txistulariak kalejiran ibiliko dira. Eguerdian, udaletxean, V. Urkome Sarien sari banaketa egingo da. Herri kiroletan, berriz, Larrañaga eta Txikia IV.ena aizkoran eta Guzta, Goenatxo III.ena eta Karmele Gisasola harri jasotzen arituko dira.

Azkoitiko Oteiza Pilota Kirol Elkarteak antolatuta, Kontzejupe Sariaren finalak lehiatuko dira. «Aurten, estrainekoz hartuko dute parte senior mailako emakumezko pilotariak», dio Jesus Mari Andueza arduradunak.

Egitaraua osatzeko, San Andres Idi Dema saria eta XXII. San Andres Torneoa jokatuko dira, azken hau Anaitasuna Kakute Xake elkartearen eskutik.

Hona hemen sanandresetako egitaraua egunez egun.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide