Udalak Munategiko trafiko arazoei konponbidea jartzeko eskatu du

Maxixatzen.eus 2017ko aza. 17a, 13:40
Argazkiak: Udala

Azpeitiko eta Azkoitiko Udalek, Basarte industrialdeko ordezkaritzarekin batera, Foru Aldundiarekin bilera egin dute gaur goizean Munategin sortzen diren trafiko arazoei konponbidea jartzeko eskatzeko, «ordu puntetako ilarak saihestu eta segurtasuna bermatu ahal izateko, puntu beltza» dela adierazi du Miguel Angel Bastida zinegotziak.

 

«Basarte industrialdean –azaldu du Bastidak- 350 langilek egiten dute lan, eta gainera, gasolindegi bat ere badago. Horrek esan nahi du egunean 600 bat ibilgailu mugitzen direla. Lantegietako sarrera-irteera orduetan auto-ilara handiak sortzen dira».

Ez dago zebra-biderik errepidea zeharkatzeko, eta autobusek GI-2634 errepidetik atera behar izaten dute geldialdia egiteko. Azpeitirako norabidean, autobusek geldialdia egin ostean, derrigorrez Txerloiko biribilguneraino joan behar izaten dute bira hartzeko.

Bidegurutze horretan zerbait egitea eskatzen du Udalak, biribilgune bat eraikitzea esaterako, «segurtasun handiagoa bermatzeko bai ibilgailuentzat, bai oinezkoentzat, eta auto-ilarak saihesteko», azaldu du Bastidak. «Aldundiko arduradunek oso ondo hartu gaituzte, eta aukera ezberdinak aztertzeko konpromisoa helarazi digute, gai honekin aurrera egin ahal izateko».

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide