Trikigiro kultur elkarteak hitzaldi zikloa antolatu du

Maxixatzen.eus 2017ko aza. 13a, 12:40

Gaur Urola Erdiko trikitixaren inguruko hitzaldi zikloa hasiko dute Azpeitian, eta bertan azkoitiarrek protagonismo berezia izango dute. Hiru astez jarraian, asteartero 19:00etan, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean trikitixaren historian oinarritzen den hitzaldiak egingo dituzte.

 

Joseba Tapiak gidatuta, Iñigo Aranbarri azkoitiarrak eta Joxe Mari iriondok eskainiko dute gaurko hitzaldia, Trikitixaren euskalduntzea 70eko hamarkadan: Urola Erdiko trikitixaren ekarpena euskal kulturan izenburupean.

Bigarren solasaldia hurrengo asteartean, hilak 21, izango da, Sanagustin kulturgunean, lehen hitzaldiaren ordu berean. Ibon Errazu azkoitiarrak zuzenduko du solasaldia, eta trikitixaren inguruko datuak eta zenbakiak izango dituzte hizpide hizlariek, Urola Erdiko trikitixa datuetan: trikitilariak, txapelketak eta erromeriak solasaldian. Hizlariak, berriz, Irati Aranguren, Haritz Garmendia eta Laxaro Azkune izango dira. 

Azken hitzaldia, berriz, azaroaren 28an izango da. Trikitixaren orainaz eta etorkizunaz arituko dira egun horretan, Urola Erdiko trikitixaren lorratza gaur egungo trikitilariengan hitzaldian. Sanagustin kulturgunean izango dira Josu Arrizabalaga Izer eta Xabier Etxaniz trikitilari azkoitiarrak, eta Huntza Taldeko Josune Arakistain, eta hirurek Alex Arzelusek egindako galderei erantzun beharko diete.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide