Berrikuntzak Elkarguneko kantxan

Maxixatzen.eus 2017ko aza. 11a, 10:57

Elkarguneko kantxan rokodromo berria jarri berri dute. Sasoi batean zegoen lekuaren ondoan jarri dute rokodromo berria ere, horrela erabiltzaileen beharrei erantzunez. Eskalada ez da izango berrikuntza izango duen kirol bakarra, datozen egunetan saskibaloiko saski berriak jartzea espero baitute.

 

Rokodromo berria kantxan bertan jarri dute, bi pareten arteko ertz batean, L itxurarekin, zorutik sabairainoko altuerarekin. Lehen ere bazegoen rokodromoa Elkargunean, goiko futbol zelaira igotzeko eskaileren azpian, hain zuzen. Horrek, baina, ez zituen eskalada praktikatzen duten kirolarien beharrak asetzen, ez baitu nahikoa altuera. Rokodromo berriaren lanak oraindik amaitu gabe daude; sokak iristeko zain daude Elkargunean. Rokodromo berriaren proiektuak 30.000 euroko aurrekontua izan du.

Berrikuntza hori, ordea, ez da kantxako hobekuntza bakarra izango. Saskibaloiko saski berriak ere jarriko dituzte, goi mailako lehiaketetarako homologatutakoak. Kantxara saski berriak iritsi aurretik, horiek gordetzeko biltegi berria ere egokitzen ari dira.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide