San Jose Egoitzan Adinduen Astea, azaroaren 14tik aurrera

Maxixatzen.eus 2017ko aza. 9a, 18:37

San Jose Egoitzak datorren asteartean, azaroaren 14an, inauguratuko du aurtengo Adinduen Astea. Egitaraua igandera arte, hilaren 19ra arte, luzatuko da Sendiaren Egunarekin amaitzeko.

 

Loturan irakurgai aurtengo egitaraua osorik.

 

“Adinduen Asteak egoitzetan bizi diren pertsona nagusiengana hurbiltzeko aukera eskaini behar du. Garrantzitsua da errealitate hori ezagutzea lehenago edo geroago guztioi tokatuko zaigulako. Horregatik, interesgarria da, esaterako, ikastetxeak bisitan joatea. Baloreetan hezitzearen baitan sartzen da. Belaunaldi ezberdinen arteko erlazioak sustatu behar ditugu gizarte bezala aberasgarria delako denontzat”, dio Ongizate zinegotziak, Nekane Larrañagak.

Floreaga Ikastetxeko eta Xabier Munibe Ikastolako ikasleen bisitez gain, egoitzako aiton-amonek txokolatadak, bingoa eta karta-jokoak dituzte agendan. XXVII. Seiko Urre Txapelketa tokatze da aurten. Asteburuan, berriz, musika izango da protagonista. Larunbatean, Bizkargi Musika Eskolako ikasleen emanaldiaz gozatzeko parada izango dute arratsaldez eta gauean, afarian, Iñaki Basabe abeslaria arituko da bere gitarrarekin giroa berotzen.

Igandean, Sendiaren Eguna izango da. Meza ostean, Javier Zubizarreta alkateak opariak banatuko dizkie bertakoei hamaiketako garaian. Asteari bukaera emateko bazkaria izango dute familien konpainian.

 

Kabiaren eskuetara, defizitik gabe

Azkoitiko San Jose Egoitza Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatutako Kabia organoaren eskuetara 2015ean pasatu zen. Hemendik 2019ra bitartean, lurraldeko beste hamabost zentro gehituko dira foru aurreikuspenen arabera. Aldundiak berriki iragarri du zentro horien defizita Kabiak bere gain hartuko duela. Azkoitiko egoitzaren kasuan, esatekoa da, defizit ekonomikorik gabe hartu zuela Kabiak, azken urteetako kudeaketa onaren seinale.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide