Bi hitzaldi antolatu ditu Bizilorek datozen egunetarako

Maxixatzen.eus 2017ko aza. 8a, 12:37

Bizilore eskola aktiboak bi hitzaldi antolatu ditu datozen egunetarako. Lehena, adimen anitzen ingurukoa, bihar izango da, eta bigarrena, jostailu egokien aukeraketari buruzkoa, datorren asteartean.

 

Adimen anitzak hitzaldia 18:00etan hasiko da, eta doakoa eta euskarazkoa izango da. Edurne Etxeberria hizlaria Lehen Hezkuntzako irakaslea eta Adimen Anizkunen Teoriaren formatzailea da, besteak beste. Solasaldian, Etxeberriak azalduko du adimena ez dela zerbait aldaezina eta adimen mota asko dagoela. Pertsonak genetikak emandako hainbat ahalmenekin eta baldintzekin jaiotzen direla ere azalduko du, baina hainbat aldagairen arabera –ingurua, esperientziak, jasotako hezkuntza, etab.– ahalmen horiek modu batera edo bestera garatu egiten direla.

Bigarren hitzaldia, berriz, datorren astean izango da. Asteartean, azaroak 14, 18:30ean, Nola aukeratu jostailu egokia hitzaldia emango du Itsaso Pagoaga Zaloñak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide