«Jendearekin egiten den harremana da politena; oso gustura nago dudan lanarekin»

Maxixatzen.eus 2017ko aza. 4a, 11:00
Ignacio Larrañaga 'Atxerue', Correoseko postaria.

Ignacio Larrañaga 'Atxerue'-k (Azkoitia, 1965) Correoseko postari moduan dihardu duela 34 urtetik.
Ez da geldirik egon zalea, eta, horregatik, asko maite du postari lana. Herritarrekin egiten duen harremana izugarri gustatzen zaio, eta daukan lana ezerekin ez lukeela aldatuko ere esan du.

 

Zer egin behar izaten du Correoseko postari batek?
Nire lana gutunak eta paketeak banatzea da. 1983an hasi nintzen lan honekin, 18 urte nituela. Lehengusu bat eta haren lagun bat Correoseko langileak ziren orduan, eta eskola amaitu nuenean esan zidaten langile bat behar zutela. Hasieran pare bat egun egiteko asmoarekin hasi nintzen, baina, begira, oraindik hemen nabil.


Correosen zabiltzanetik, zein izan da zure ibilbidea?
Funtzionario titulua atera nuenean, Madrilen [Espainia] lan egin nuen hilabete batzuetan. Gero, Azkoitira bidali ninduten, eta harrezkero postari lana egin dut, baina jendea falta izan denean bulegoan ere aritu naiz. Ez dago beste aukerarik nire lanbidean.

 

Herriko zirrikitu guztiak ezagutuko dituzu honezkero. Kale guztien izenak jakitea erraza al da?
Erraz moldatzen gara. Postari bakoitzak bere barrutiak edo bere kaleak ditu gutunak banatzeko. Kale guztiak ezagutzen ditut, eta herritarren abizenak esanez gero ere asmatuko nuke bakoitza non bizi diren.


Gustuko al duzu postari lana?
Jendearekin egiten den harremana da politena; oso gustura nago dudan lanarekin. Herritar asko ezagutzen dut, ni ere askok ezagutzen naute, eta denekin ondo moldatzen naiz. Correoseko lanak ez du ezer txarrik; lanak dena eman dit.


Motoarekin izan al duzu inoiz komeriarik?
Ez, inoiz ez. Gurpila zulatu zait noizbait, baina 34 urtean bajarik ez dut sekula hartu. Bi eguneko gripe batengatik geratu naiz lanera joan gabe.


Gutunak banatzen ari zarenean, erraza al da bebarruetara sartzea?
Gero eta zailagoa da. Lehen baino gehiago beldurtzen da jendea orain atea irekitzen. Postari berriei asko kostatzen zaie bebarruetara sartzea. Nik beti ordu berean banatzen ditut gutunak kale bakoitzean, eta normalean txirrin bera jotzen dut. Badakit txirrina jotzen dudanean etxean egon ohi dela gutuna banatu behar diodan pertsona, prest egongo dela atea irekitzeko, eta ez dela haserretuko. Niretzat azkarragoa eta erosoagoa da.


Ba al dago banatzeko bereziki gustatzen zaizun ezer? Eta gorroto duzunik?
Postalak dira ederrak banatzeko. Gutxi dira, baina jendeak eusten dio ohiturari. Udako oporraldian, bereziki, postalek arrakasta izaten dute oraindik ere. Familiari eta lagunei oporrak zein lekutan igarotzen ari den esatea asko gustatzen zaio jendeari. Bestalde, hitza ez da gorrotoa, baina ez nuen oso gustuko doluminak banatu behar izatea. Orain ez dugu egiten, baina lehen, norbait hiltzen zenean, alkateak telegrama bidaltzen zigun, guk familiari dolumina emateko. Telegrama horiek banatzea sekula ez zait gustatu izan.


Nola nabaritu duzue Internet bidezko erosketen gorakada Correosen?
Sekulako pakete pila iristen da, Txinatik bereziki. Internetek, gutunak kendu dituen bezala, paketeak ugaritu ditu. Fakturak ere gutxitu dira, baina ez horrenbeste. Azkoitia bezalako herri txikietan ez dago horrenbeste konfiantza horrekin; jendeak nahiago du faktura paperean jaso. Jendeak edozer erosten du Internet bidez. Pentsa, betaurrekoen lokarria Internet bidez erosi duenik ere ezagutu dut!


Anekdotarik izan al duzu 34 urteko ibilbidean?
Bai, noski. Urolako trenera joaten ginenean izaten genituen komeria ederrak. Izan ere, orain jendeak ez daki Urolako trena zegoenik ere! Gu tren hartara joaten ginen 11:00etarako. Correoseko gurdia hartu, botatzen zituzten zakuak gurdira jaso, eta lantokira eramaten genuen. Lehen, orain Iturri taberna dagoen lekuan zegoen Correos, eta orga horiek erori ere egiten zitzaizkigun, kalean zehar zeuden tranbiaren errailekin trabatuta. Beste batean erre ere egin ziguten bulegoa, eta bonba pakete bat ere entregatutakoa naiz ezjakinean zinegotzi bati.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide