Udalak bukatzear du Jausoro eta Altzibar lotuko dituen oinezkoen zubiaren proiektua

Maxixatzen.eus 2017ko aza. 3a, 09:45
(Argazkia: Udala)

Jausoro eta Altzibar auzoak lotuko dituen oinezkoen pasabide edo zubiaren proiektua bukatzear du Udalak, eta jarraian ekingo zaie exekuzio lanei. Azpiegiturak bi herriguneren arteko konexioa «nabarmen» hobetuko duela adierazi dute Udaletik.

 

Udalak aurretik alternatiben azterketa egin zuen «aukerarik hoberena» lehenesteko, kokapena, ekonomia edota ingurumen integrazioa bezalako alderdiak aintzat hartuz. Behin erabakia hartuta, proiektua garatzen ari da momentu honetan. Proiektuaren arabera, pasagunea Altzibar plaza kalearen jarraian eraikiko da, Elosu Korta establezimendu ondoko kalearen parean, hain justu. Handik Jausoro auzora, alegia.

Pasagunea oinezkoentzat eta txirrindularientzat izango da eta bidegorri sarea osatzeko balioko du. Zubiak ziklisten bi ibilbide nagusi lotuko ditu: Anaitasuna Plaza kalekoa eta Jausoro auzoa zeharkatzen dituena. Kontutan hartu da bidegorriaren trazatua zuzena izatea Altzibarko irteeran, ibilgailurik ez ibiltzea edota garajeetako irteerak ez oztopatzea.

Zubiaren aurrekontua 174.608 eurokoa da. Alternatiben azterketa egin ostean, proiektua bukatzear da zubiaren eraikitze lanekin hasi ahal izateko. Udalaren aurreikuspenen arabera, proiektua azaro amaierarako bukatuta izango da, eta asmoa da 2018ko Aste Santu ingururako zubia irekita izatea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide