Udalak sare sozialen eta datu babesen inguruko ikastaroak antolatu ditu merkatarientzat

Maxixatzen.eus 2017ko urr. 31a, 12:11

Bigarren urtez jarraian, Udaleko Euskara zerbitzuak espreski ostalari eta merkatariei zuzendutako ikastaroak antolatu ditu. Iaz sare sozialen inguruko lau saioko ikastaroa eman zen, produktua eta negozioa nola sustatu jakiteko. Oraingoan, Facebookari helduko diote berriro, baina maila aurreratuago batean. Zozketak eta eskaintzak edo deskontuak nola egin irakatsiko zaie.

 

«Bere garaian –dio Marijose Arregi Euskara zinegotziak– inkesta bat egin genuen merkatarien artean jakiteko udaletxetik zer nolako baliabideak eskaini ahal genizkien sektorea indartzen laguntzeko. Sare sozialen inguruko formakuntza eskatu ziguten. Iazko ikastaroaren balorazioa positiboa izan zen eta aurten beste urrats bat emango dugu. Uste dut gaur egun saio hauek probetxugarriak direla negozio bat kudeatzen duen edonorentzat».

Facebook-eko ikastaroak hiru ordu t’erdiko iraupena izango du, eta azaroaren 21ean eta 22an izango da. Saioak Elkarguneako KzGuneako gelan izango dira, 14:30etik 16:00etara.

Instagram sare sozialak nola funtzionatzen duen ere ikasi ahalko du nahi duenak. Helburua da irudiak eta bideoak partekatzen ikastea smartphon-a edo PCa erabiliz. Ikastaro hori azaroaren 14an eta 15ean emango da 14:00etatik 16:00etara aurrekoaren toki berean, Elkarguneako KzGunean.

Egitaraua osatzeko, datu babesaren inguruko hitzaldi bat emango du gai horretan aditua den Iñaki Uria aholkulariak. Saioa azaroaren 7an izango da 15:00etatik 16:00etara Elkarguneako Oteiza aretoan.

Bai Facebookeko eta bai Instagrameko ikastaroetarako partaide kopurua mugatua da. Bederatzi lagunekoa bakoitzean, alegia.

Udalak ostalari eta merkatarien artean banatu ditu jada informazio liburuxkak izen-ematea nola egin azaltzeko. Interesa dutenek 943 85 71 75 telefonora deitu dezakete edo euskara@azkoitia.eus helbidera idatzi.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide