Izarpek antolatutako Zientzia eta Espiritualitate Kongresuak 15.000 euro bideratuko ditu ongintzara

Maxixatzen.eus 2017ko urr. 30a, 12:58

Izarpek antolatutatako Zientzia eta Espiritualitate Kongresuak 15.000 euroko irabaziak lortu ditu ongintzarako.

 

Antolakuntzak irabazi horiek gobernuz kanpoko bi erakunderen eta behar bereziak dituzten Ursula Urteaga eta Anuk Astigarraga ume azkoitiarren artean banatuko dituzte.

GKE onuradunak Nepalen hango biztanleriaren premiazko beharrak asetzen lan egiten duen The Direct Help Foundation eta IIIHS Sudafrica dira. Azken horrek, nagusiki, umezurtz-etxeei laguntzen die. Izargi institutuak ere jasoko du laguntza. Elkarteak gaixotasun larri bat pairatzen ari diren edota gertuko norbaiten heriotzarengatik doluan dauden pertsonei laguntzen die.

Kongresuan aditu zerrenda luzeak hartu zuen parte, Marilyn Rosner medium kanadiarra buru zela. Euren borondatez etorri ziren denak, eta doan hartu zuten parte. 356 ikus-entzule bertaratu ziren urriaren 20tik 22ra bitartean Baztartxo antzokian egin zen kongresura. Ekimenaren sustatzaile Mikel Lizarralde «pozik» agertu da «kongresuak izandako harrera eta arrakastarengatik».

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide