Udalak hileroko kultur agenda etxeetara banatuko du

Maxixatzen.eus 2017ko urr. 27a, 16:41

Azkoitiko Udalak etxe guztietara banatuko du hileroko kultur agenda hemendik aurrera. Agendak, Udalaren programazioaz gain, herriko gainerako elkarte edo taldeek antolaturiko ekintzak jasoko ditu. Baztartxo zineko pelikulen karteldegia ere gehituko zaio.

 

Lehenengo alea gaur eta datorren astelehena bitartean jasoko da postontzi guztietan, Kontzejupetik udal aldizkariarekin batera. Hona hemen modu digitalean ikusgai.

Lehenengo liburuxkak, besteak beste, iragartzen ditu 'Go!azen' telesailaren aurrestreinua, Faemino eta Cansado bikotearen emanaldia edota Oliver Magoa eta Evaren “Balio magikoak” lana.

Ekimen honekin, Udaleko Kultura sailak herritarrei beste informazio kanal bat eskaini nahi die, "eskura eta modu errazean" jaso dezaten herriko aktibitateen berri eta interesgarriak suertatzen bazaizkie haietaz gozatu.

Komunikazio eta informazio kanalekin lotura duen beste proiektu bat abian du Udalak, webgunearen berritzea, alegia. Momentuz, garapen fasean dago.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide