'Handia' eta 'Cars 3' filmak eskainiko dituzte asteburuan, Baztartxo antzokian

Maxixatzen.eus 2017ko urr. 24a, 13:18
'Handia' filmak eskainitako irudietako bat.

Datorren asteburuan, Baztartxo antzokian, zinema aretoak bete dituen Handia filma eskainiko dute. Horrez gain, haurrentzako Cars 3 filma ere emango dute.

 

Donostiako 65. Zinemaldiko Sail Ofizialean estreinatu zen Aitor Arregi eta Jon Garaño zinemagileek zuzendutako Handia. Epaimahaiaren Sari Berezia eta Irizar saria irabazi zituen euskarazko filmak Donostian. Pasa den ostiralean heldu zen filma zinema aretoetara, eta 25.000 ikusle inguru bildu zituen lehen asteburuan. Gurera, berriz, datorren ostiralean iritsiko da, eta zapatuan, igandean eta astelehenean izango du jarraipena, ohiko ordutegietan. Ostiralean eta zapatuan 22:00etan, igandean 19:30ean, eta astelehenean, ikuslearen egunean, 20:00etan emango dute euskarazko azken filma.

Altzoko Handiaren istorioa kontatzen duen filma da Handia. Lehen Gerra Karlistatik bueltan, Martinek Joakin anaia gaztea ikaragarri altua dela ikusiko du, harrituta geldituko delarik. Jendeak Lurreko gizasemerik altuena ikustearen truke ordaindu nahiko duela sinetsita, bi anaiok Europan zehar bidaiatuko dute, aberastasun goseak, diruak eta ospeak familia baten patua betiko aldatuko duten zeharkaldi batean. Loreak pelikularen idazle eta zuzendarien lan berria da Handia filma.

Ikusi Handia filmaren laburpen bideoa:

Horrez gain, haurrentzako Cars 3 filma ere eskainiko dute datorren asteburuan, Baztartxon. Igandean, 17:15ean emango dute film hori. McQueen izpi txapelduna gainerako auto lasterkariengandik urrun geldituko da, eta horrek harridura sortuko du. Bere ibilbidea hobetzeko asmoarekin, Cruz Ramirez mekaniko gaztearen laguntza beharko du. Mekanikoak bere plan propioa du McQueen-en ibilbidea bideratzeko, eta Piston Kopan gaitasun guztiak erakutsi beharko ditu.

Ikusi Cars 3 filmaren bideo laburpena:

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide