Visesak lizitaziora atera ditu Floreagan eraikiko diren 30 etxebizitza babestuak egiteko lanak

Maxixatzen.eus 2017ko urr. 20a, 12:30
Javier Zubizarreta alkatea Visesako zuzendari Carlos Quindósekin. (Argazkia: Udala)

Visesak lizitaziora atera ditu Floreagan eraikiko diren bi etxe bloke babestuak eraikitzeko lanak. 2010era arte Helduen Eskola Publikoa zegoen tokian altxatuko dira etxeak, Tecla esaten zitzaion gunean.

 

Etxe bloke batean babes ofizialeko 16 etxebizitza eraikiko dira, eta bigarren blokean, beste 14. Azken horiek Alokabidek alokatuko dituen etxebizitza sozialak izango dira.

Babes ofizialeko 16 etxebizitzen zozketa maiatzaren 4an egin zen, notario aurrean.

Obren lizitazio kontratuak urbanizatze lanak eta etxeen eraikuntza hartzen ditu barne, 3.772.055,73 euroko aurrekontuarekin (BEZik gabe). Lanak amaitzeko epea 26 hilabetekoa da. Iragarkia urriaren 24an argitaratu zen Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian.

Azkoitiko Udalak eta Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailak 2007an sinatu zuten Floreagan etxe babestuak egiteko akordioa. Alabaina, urte hauetan guztietan ez da aurrerapausorik eman orain arte.

Udalak gogorarazi nahi du etxebizitza babestuak erosi edota alokatzeko egiten diren zozketetan parte hartzeko beharrezkoa izaten dela Etxebiden izena emanda egotea, eta horixe egitea gomendatzen die promozio publiko batean interesa dutenei.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide