Lau urteren ondoren, Anaitasunak Lagun Onaken aurkako derbia jokatuko du zapatuan

Maxixatzen.eus 2017ko urr. 19a, 10:34
Portugaleteri irabazteko gola egin zuteneko ospakizuna. (Argazkia: Maialen Arzalluz)

Lagun Onakek eta Anaitasunak elkarren aurka neurtuko dituzte indarrak datorren zapatuan Azpeitiko Garmendipe zelaian, 17:00etan jokatuko den derbian. 34 urteren ondoren, Anaitasunak Azpeitiko taldeari irabazi nahi dio.

 

Bi taldeak momentu onean iritsiko dira zapatuko partidara. Lagun Onak zazpigarren postuan da 13 punturekin, Getxori huts eta bi irabazi ondoren, eta Anaitasuna hamaikagarrena da, 12 punturekin, Portugaleteri bi eta bat irabazita. Azkenekoz orain dela lau urte, 2012-13 denboraldiz ikusi ziren elkar, eta azpeitiarrek Txerloian eta Garmendipen irabaztea lortu zuten, biak bat eta hutseko emaitzarekin.

Denboraldi hartatik sei kidek baino ez dute jarraitzen Anaitasunan; gainerako guztiek harmailetatik jarraitu zituzten bi taldeek azkeneko aldiz jokatu zituzten bi norgehiagokak. Xabier Artetxe orduko kapitainak gaur prestatzaile fisiko lanak egiten ditu, eta Mikel Astigarraga atezaina, atezainen entrenatzailea da. Jokalariei dagokionez, berriz, lauk jarraitzen dute: Markel Eskurtzak, Josu Godoyk, Iñigo Arzalluzek eta Beñat Landak.

Estatistikak eta zenbakiek azpeitiarren alde jokatzen dute. Orain arte Hirugarren Mailan jokatutako zortzi partidetatik bost irabazi ditu Lagun Onakek, beste bi berdinketan amaitu dira, eta gorrixek bakarra irabazi dute. Anaitasunaren garaipen hori 1983ko maiatzaren 1ean izan zen.

Historian lau denboralditan besterik ez dira lehiatu Anaitasuna eta Lagun Onak Espainiako Hirugarren Mailan. Bi taldeek behin bakarrik jokatu dute elkarren aurka horren egoera onean, 1981-82 denboraldian zehazki.

Zale ugari espero da zapatuan, Garmendipen. Hooligans Anai taldeak, esaterako, bazkaria egingo du Azkoitian, eta ondoren Azpeitira egingo dute bidaia Anaitasunako mutilak animatzeko. Bi herrietan derbirako gogoa dago, eta Lagun Onak taldeak bihar bertan jarriko ditu partidarako sarrerak saltzen Garmendipeko leihatilan. 18:30etatik 19:30etara irekiko dute leihatila, eta zapatuan, 11:00etatik 12:00etara. Partidan bertan, neurketa hasi baino ordubete lehenago irekiko dute leihatila.

Sarreren prezioak honako hauek izango dira, Lagun Onakeko bazkide direnentzat eta ez direnentzat:

  • Bazkideentzat: tribunakoak, 12 euro; orokorrak, 10 euro; jubilatuak, 5 euro; 18-25 urte bitarteko gazteak, 5 euro.
  • Bazkide ez direnentzat: tribunakoak, 17 euro; orokorrak, 15 euro; jubilatuak, 10 euro; 18-25 urte bitarteko gazteak, 10 euro.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide