Euskararen Egunerako ideia lehiaketak baditu irabazleak

Maxixatzen.eus 2017ko urr. 18a, 12:45

Euskararen Nazioarteko Egunerako, abenduak 3, egitaraua berritzeko balio dezaketen ideiak saritu ditu Euskara Mahaiak. Horretarako, ideia lehiaketa bat egin dute, eta guztira 75 proposamen jaso ondoren, hiru ideia berritzaile saritu dituzte. Azkoitia BHIko, Urola Lanbide Eskolako eta Floreaga Salestar Ikastetxeko ikasleek hartu dute parte.

 

Lanbide eskolatik, Batxilergotik nahiz DBHtik jaso dituzte ideiak. DBHtik jaso dituzte proposamen gehienak. Eskoletan egin duten lan handia eskertu nahi izan du euskara mahaiak.

Honako hauek dira Euskararen Egunerako ideia lehiaketaren irabazleak:

Lehenengo saria (200 euro), DBH 1eko Urko Sudupe Olaizola eta Haritz Alberdi Alberdi bikoteak irabazi du, Azkoittik euskaraz bizi nahi du ideiari esker. Besteak beste, herriko talde eta eragile guztiak gonbidatuko dituzte ekitaldian parte hartzera, eta talde bakoitzari euskararen aldeko mezu bat eskatuko diote. Epaimahaiak herriko taldeen parte hartzea baloratu du.

Bigarrengo saria (100 euro), DBH 2ko Laura Larrañaga Madridek irabazi du, Lagun ezkutua ideiarekin. Gutun trukaketa bat proposatzen du, Xabier Munibe ikastolako eta Floreaga ikastetxeko ikasleen artean. Bi eskoletako ikasleen harremanak estutzeko ekintza izatea baloratu du Euskara Mahaiak.

Hirugarrengo saria (50 euro), DBH 2ko hiru laguneko taldeak irabazi du: Alba Zabala Juaristi, Aroa Zamora Juaristi eta Eider Caballero Dávila. Euskara hegan izenburupean, puxikak aireratuko dituzte barruan euskarari buruzko esaldiren bat idatzita, eta puxikak behera jaisten direnean bakoitzak beste baten puxika hartuko du eta bertako mezua irakurriko du.

Guztira 75 ideia jaso ditu Euskara Mahaiak; parte hartze altua azpimarratu du epaimahaiak. Ideia berriak izatea baloratu dute, eta ideia batzuk baztertu egin dituzte, aurrez beste herriko jai edo ekitaldi ezberdinetan egiten direnak direlako. Beraz, errepikatzen direnak edo lehendik egiten direnak baztertu egin dituzte.

Ideiak aztertu ondoren, gaztetxoek Euskararen Eguna herriko mobilizazio batekin edo herritar guztien parte hartzearekin lotzen dutela nabarmendu du Euskara Mahaiak. Izan ere, proposamenetan adin guztietako herritarrak hartzen dituzte kontuan: «Euskararen Eguna gauza herrikoi eta parte hartzaile batekin identifikatzen dutela ematen du», azaldu dute.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide