Hurkoaren bulego berria inauguratu dute eta jendetza bildu da aurkezpen ekitaldian

Maxixatzen.eus 2017ko urr. 17a, 20:55
Jendetza bildu da Hurkoaren aurkezpen ekitaldian.

Hurkoaren bulego berriaren inaugurazio ekitaldia izan da gaur, asteartea. Lehendabizi Herriko Plazako Hurkoaren bulegoa bedeinkatu du Felix Azurmendi erretoreak eta ondoren ekitaldi nagusia izan da Elkargunean. Jendetza bildu da aurkezpen ekitaldian eta aretoa garaino bete da. Hauskortasun egoeran eta babes beharrean dauden pertsonei laguntza eskainiko die Hurkoak.

 

José Luis de la Cuesta, Hurkoako lehendakariak gidatu du ekitaldia. Laguntza behar duten pertsona eta familiengandik gertu egoteko sortu da Hurkoa, eta Azkoitiko helburua hauteman diren kasuei erantzuteaz gain, arreta eta laguntza beharrean dauden pertsonen egoera berriak identifikatzea izango dela azaldu du. Ondoren, Javier Zubizarreta alkatea barne, mahaingurua izan da Hurkoako ordezkariekin. Azken urteetan Hurkoak beste udalerrietan izandako esperientziak laburbildu dituzte. Haren ondotik, José Félix Martí Massó neurologoaren hitzaldia izan da Bakardadea arrisku-faktore bat, memoriaren galtzean izenburupean. 

Javier Zubizarreta alkatearen iritziz, "gizakion bizi itxaropena hazten ari da eta garrantzitsua da gizartearen zahartzeari behar den moduan aurre egitea, inor ez dadin babesik gabe eta bakarrik sentitu. Bakardadea da gaixotasun handiena; konpainia behar dugu denok. Gainera, beharrak gehitzen joaten dira adinean aurrera egitean. Hurkoak argitasuna, babesa eta segurtasuna dakar. Hurkoaren lana ezinbestekoa izango da gizarte hobeago eta solidarioago bat lortzeko".

Azkoitian euren etxebizitzetan bakarrik bizi diren eta 70 urtetik gora dituzten 7 pertsona izango dira hauskortasun egoeran dauden pertsonen harretarako martxan jarriko den programaren onurak jasoko dituztenak. Eskainiko den arreta Azkoitiko gizarte zerbitzuekin, osasun zerbitzuekin eta herriko farmaziekin koordinatuz burutuko da. Halaber, tutela egoeran egon daitezkeen bost pertsonei laguntza eta aholkularitza emango zaie beraien babes pertsonala eta patrimoniala bermatzeko helburuarekin.  

Azkoitiko Hurkoaren ofizina berriak Azkoitia, Azpeitia, Zestoa eta Zumaiari eskainiko dio bere arreta. Hauskortasun egoera eta tutelako kasuak, profesionalak zein Hurkoako boluntarioen bidez jasoko dute zerbitzua.

Zerbitzu sozialen eta osasun zerbitzuen koordinazioaz gain, Hurkoak herritarrekin zein elkarte desberdinekin (Jubilatuak, Caritas, parrokia, Azkoitia lagunkoia, farmaziak…) harreman iraunkorra mantenduko du, laguntza behar duten pertsonen kasuak hautematen laguntzeko helburuarekin. Hasiera batean, Caritasen, Azkoitiko parrokian edota Azkoitia Lagunkoiaren inguruan lan egiten duten pertsonak hartuko dute konpromisoa Hurkoari laguntza eskaintzeko. 

Hurkoako bulego berriaren irekiera Azkoitiko Udalaren inplikazioak, Eusko Jaurlaritzaren laguntzak, Sidenor enpresak eta Kutxa Fundazioak egin dute posible.

 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide