'Adin adin' egitasmoarekin helduen gaitasuna sustatuko dute San Jose egoitzan, urriaren 19an

Maxixatzen.eus 2017ko urr. 11a, 13:58

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Lankuren arteko 'Adin adin' egitasmoak laugarren urtez izango du segida. Bere helburua da bertsoaren bidez adineko pertsonen gaitasuna sustatzea, egoitzetan bizi diren adinekoen bizi kalitatea hobetuz eta gaitasun psikoemozionalak landuz.

 

Aurten 14 saio egingo dira azaroaren amaiera arte lurralde osoko hainbat herritan, eta Azkoitian urriaren 19an egingo da. Sebastian Lizaso eta Eneritz Artetxe bertsolariak San Jose egoitzara joango dira bertan dauden adineko pertsonei bertsoak kantatzera. Aurrez San Jose egoitzako dinamizatzaile eta animatzaileek lanketa berezi bat egingo dute egoiliarrekin bertso zahar eta kantu herrikoien inguruan, horrela bertsolariak doazenerako parte-hartzea aktibatzeko.

'Adin adin' egitasmoan parte hartuko duen Sebastian Lizasok dio nolakoa den zaharren egoitzako saio bat: «Zaharren egoitzara zoazenean, zain egoten dira. Bakoitzak gogoratzen dizkizu 'ni halakotan egonda nago, eta Basarri entzun nuen bertsotan, zure aitarekin beste batean...' ikusi hutsarekin garai bateko oroitzapen asko etortzen zaie burura. Bertsotan hasi aurretik, eurekin egiten dugu behar den denbora euren bizipenak jasotzen, eta gero elkarren informazioa ongi ematen digute: 'honek tranpa egiten du musean, beste horrek txikiteoan irteten du...'. Kantuan hasi orduko jabetzen zara noiz barre egiten duten, noiz begiak ixten zaizkien... eta oso esker onekoak dira», adierazi du urriaren 19an Azkoitian izango den Lizaso bertsolariak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide