Gaztaneneako irisgarritasuna hobetzeko lanak egiten ari da Udala

Maxixatzen.eus 2017ko urr. 9a, 13:46
Javier Zubizarreta alkateak eta Marijose Arregi zinegotziak gelak bisitatu dituzte ikasleen iritzia ezagutzeko eta eraikinean egin diren irisgarritasun lanak ikusteko.

Momentuz 24 ikasle hasi dira Gaztanenea Formakuntza Zentroan alemana ikasten Hizkuntza Eskola Ofizialak bertan dituen geletan. Hasiera batean, hogei plaza ziren eskaintzekoak alemanerako, baina Hezkuntzak kopurua igotzeko aukera eman zion Udalari azpiegitura eta espazioa egokitzen bazituen eta horrela egin du. Ondorioz, hasieran aurreikusitakoak baino hamar plaza gehiago daude. Horiez gain, beste 112 lagun ingeleseko eskoletara joaten dira.

 

Hobekuntza lanak eraikinaren barrukaldean eta kanpokaldean

Ikasturte hasiera honetarako Udalak bainugela jarri du beheko solairuan, gelak dauden solairu bertan, alegia. Orain arte, zeuden komun bakarrak goiko solairuan zeuden.

Zentroko zerbitzuak aurkezterakoan Javier Zubizarreta alkateak hobekuntzak aurten egingo zirela agindu zuen.

Komunak jartzeaz gain, eraikinaren kanpokaldean irisgarritasuna bermatzeko lanak hasi dira. Arrapala bat ipiniko da, eta horretarako egitura eraikitzen ari dira. Momentuzeraikinaren alde bateko lorategiko petrila aldatu dute arranparentzat tokia egiteko.

Hobekuntza horiek guztiak 70.000 euro kostako zaizkio Udalari.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide