maxixatzen.eus

Euskara egunerako ideia lehiaketa azken txanpan

  Euskara  Azkoitia

Euskararen egunerako, abenduak 3, egitaraua berritzeko balio dezaketen ideiak saritu nahi ditu euskara mahaiak. Horretarako, aurten lehendabiziko aldiz, ideia lehiaketa bat abiatu dute herritarren proposamenak jasotzeko. Ideiak aurkezteko epea bihar, urriaren 6an, amaituko da 15:00etan.

Euskara egunerako ideia lehiaketa azken txanpan
Argazkia, 2016ko Euskara Eguneko ekitaldia. | Ikusi handiago | Argazki originala

 

Lehiaketa gaztetxontzat antolatu da, eta, beraz, Azkoitiko ikastetxeetan egun DBHn, batxilergoan eta lanbide heziketan matrikulatutako ikasleek parte hartu ahal izango dute. Parte hartzaile bakoitzak gehienez hiru ideia aurkez ditzake.

Sariak 2017ko urriaren 18an jakinaraziko dira komunikabideen bidez. Honako hauek izango dira irabazleen sariak:

 1. saria: 200€                         

 2. saria: 100€

 3. saria:   50€

HERRIXEN Merkatari Elkarteko establezimenduetan erabiltzeko bonoak izango dira.

Sariak 2017ko urriaren 18an jakinaraziko dira komunikabideen bidez. Sariak banatuko dira euskararen eguna ospatzeko ikastetxeekin egingo den ekitaldian.

Lana baloratzeko orduan kontuan izango dituzte, besteak beste, honako puntu hauek: ideia berritzailea, orain arte euskararen egunean egin ez dena, aurten egiteko modukoa, kostu ekonomiko onargarria eta herritarren parte hartzea bultzatea.

Epaimahaia euskara mahaia izango da —Bizilore, Azkoitia BHI, Urola Kostako Hitza, Maxixatzen Euskaldunon Elkartea, Azkoitiko Udala, Floreaga Salestar Ikastetxea, Xabier Munibe Azkoitiko Ikastola, Urola Lanbide Eskola, Azkoitiko AEK eta Erniarraitz Bertsozale Elkartea taldeek osatzen dute—. Sariren bat eman gabe gera liteke epaimahaiaren iritziz aurkeztutako ideiak balorazio irizpideekin bat ez badatoz.

Ideia eguerdian ikastetxeekin egiten den ekitaldirako ala arratsalderako den zehaztuz, deskribapen laburrarekin eta ezizenarekin sinatuta aurkeztuko da ideia aurkezteko orrian (deskargatu dokumentua). Orriak aurkeztuko dira ikastetxeetako idazkaritza bulegoetan, udaletxeko harrera bulegoan edo euskara@azkoitia.eus posta elektronikoan. Aurrez aurreko orriak gutun-azal txikiarekin aurkeztuko dira. Gutun-azalak kanpotik ezizena eramango du idatzita eta barruan egilearen ezizena, izen-abizenak, adina eta telefonoa. Ideia posta elektronikoz aurkeztuz gero, mezu bakarrean bi fitxategi bidaliko dira, batean ideia ezizenez sinatuta eta bestean egilearen datuak: ezizena, izen-abizenak, adina eta telefonoa.

Lehiaketari buruzko informazio gehiagorako deitu 943857175 (Jasone) telefono zenbakira edo idatzi mezua euskara@azkoitia.eus helbidera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa