maxixatzen.eus

Zapatuan hasiko da Organo Erromantikoaren Nazioarteko XVIII. Zikloa

  Musika  Azkoitia

Datorren zapatuan ekingo diote Organo Erromantikoaren Nazioarteko XVIII. Zikloari. Parrokian izango da 18. edizioari hasiera emango dion lehen kontzertua. Azkoitiko, Azpeitiko eta Bergarako herrietan eskainiko dituzte kontzertuak.

Zapatuan hasiko da Organo Erromantikoaren Nazioarteko XVIII. Zikloa
Aurkezpenean izan diren ordezkariak, eliz-atariko arkupetan. | Ikusi handiago | Argazki originala

 

Gaur goizean egindako aurkezpenean izan dira Javier Zubizarreta alkatea eta Sonia Vazquez udaleko kultura zinegotzia, Azpeitiko eta Bergarako udal ordezkariak, Mari Jose Telleria Foru Aldundiko Kultura zuzendaria, eta Esteban Elizondo nazioarteko zikloaren koordinatzailea eta Jose Luis Franzesena Azkoitiko organo jotzailea.

Javier Zubizarreta alkateak Esteban Elizondok eta Jose Luis Franzesenak antolakuntza lanean egindako «ahalegina eta antolatzeak duen meritua» eskertu nahi izan ditu. Sonia Vazquez zinegotziak, bere aldetik, organo zikloak «bizitza luzea» izatea espero duela esan du. «Gure ondare musikala balioan jarri eta ezagutzeko balio du», azaldu du Vazquezek.

 

Lau kontzertu Azkoitian

Urrian zehar lau emanaldi emango dituzte Azkoitiko parrokian, zapaturo 20:00etan, eta Esteban Elizondok kontzertu guztien inguruko xehetasunak eman ditu. Datorren zapatuan, Landarbaso abesbatza eta Oier Etxaburu organo jotzailea izango dira protagonista. Elizondok adierazi duenez, «Gipuzkoan, Landarbaso abesbatza da nazioarte mailan sari gehien jaso dituen abesbatza, beraz arrakasta ziurtatua dago».

Urriaren 14an, Giampaolo di Rosa organo jotzaile italiarraren txanda izango da. «Nazioarte mailan ospea duen organo jotzailea da. Interprete ona den arren, bat-batekoan da ona», azpimarratu du Elizondok. «Euskal gai bat emango zaio di Rosari, eta bat-batekoan aritu beharko du», azaldu du koordinatzaile nagusiak.

Urriaren 21ean, Ertizka otxotea eta Esteban Elizondo organo jotzailea bera arituko dira. «Sekula ez naiz aritu ziklo honetan, baina Azkoitiko Udalak eskatuta joko dut aurten organoa», azaldu du Elizondok. Ortizka otxotearekin arituko da Elizondo, eta adierazi duenez «urtebete darama otxoteak prestaketa lanetan».

Urriaren 28an, azkenik, organo ikasleen kontzertua eskainiko dute. Jose Luis Franzesenak hitz egin du organo ikasleen inguruan. Aurrez, ordea, adierazi du «garrantzitsua» dela Gipuzkoan dauden organoak jendeari erakustea. Bergarako eta Azpeitiko Musika Eskoletan ari dira organoa irakasten. Azkoitian, hilaren 28an eskainiko duten kontzertuan, Bergaran bizi den Leo Juaristi azkoitiarra arituko da, besteak beste. Horrez gain, beste sei organo jotzaile ere arituko dira, tartean 14 urteko bi organo jotzaile azpeitiar.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa