Udalak Espainiako Gobernuaren «errepresio-estrategia» salatu du eta Kataluniaren erabakia «errespetatzeko» eskatu du

Maxixatzen.eus 2017ko ira. 28a, 11:22
Atzoko Udal Osoaren Ohiko Bilkuran onartu zen adierazpena.

Udalak Espainiako Gobernuak Katalunian gauzatzen ari den errepresio estrategia salatu du eta Kataluniaren erabakia errespetatzeko eskatu du.

 

Atzoko Udal Osoaren Ohiko Bilkuran onartu zen adierazpena. EAJk aurkeztu eta onartutako testuaren edukia Eusko Legebiltzarrean EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdiek onarturiko «berbera» dela adierazi du Udalak. Alderdi sozialistak kontra bozkatu zuen eta EH Bildu eta Azkoitia Bai abstenitu egin ziren. EH Bilduk aurrera atera ez zen beste mozio bat aurkeztu zuen.

Onartutako adierazpenaren arabera, «Udalak baztertu egiten du eta kezka adierazten du egitateen bidez Kataluniako autonomian esku hartzeagatik, eta Estatuko segurtasun indarrek eta kidegoek egindako operazio polizialagatik, erregistroak eta atxiloketak eginez Generalitateko instalazioetan bere arduradun legitimoei», azaldu dute Udaletik.

Halaber, Udalak Espainiako Gobernuari eskatzen dio «bere errepresio-estrategia bertan behera uzteko», eta «berretsi egiten du funtsezko printzipio demokratikoekiko konpromisoa» eta elkartasuna adierazi dio «Espainiako Gobernuak gidatuta demokraziaren aurkako errepresio politikoa pairatzen ari diren pertsona eta erakunde guztiei”.

Azkenik, Udalak eskatzen du «Kataluniako herriaren asmo demokratikoaren adierazpena ahalbidetzeko eta erabakiak errespetatzeko».

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide