Osasun-hezkuntza sustatzeko parte-hartze prozesua abiatu du Udalak

Osasun-hezkuntza sustatzeko parte-hartze prozesua abiatu du Udalak. Egitasmoaren helburua Komunitateko Osasun Mahaia sortzea da, hezkuntza zentroek eta gizarte, kirol eta kultur elkarteek parte har dezaten bertan, ordezkari politikoekin eta udal teknikariekin batera. 

 

Taldeak osasun-hezkuntza sustatzeko ohitura osasungarriak indartzeko lan egingo du. Hiru bilera ireki antolatu dira eta irailaren 25ean, 27an eta urriaren 2an izango dira Elkargunean, 18:00etan. Udalak uda aurretik jarri zuen lanean prebentzio mahaia Azkoitia osasuntsuago baten alde lan egiteko xedez.

Lehenengo fasean, mahaia ordezkari politikoek, Udaltzaingoak, eta Kultura, Gazteria eta Gizarte Zerbitzuetako teknikariek osatu dute. Behin prozesuaren plangintzaren inguruko lehenengo bilerak eginda, Udalak parte-hartze prozesu bat abiatuko du eragile ezberdinei eta hala nahi duten herritarrei parte hartzeko aukera luzatuz. Helburua da Komunitateko Osasun Mahaia sortzea, gero Adikzioen Prebentzio Komunitariorako Tokiko Plana garatu ahal izateko.

Prozesua irekia da eta balio nagusia komunitatearen partaidetza bultzatzea da, eta helburua du ahalik eta eragile gehien inplikatzea, hala nola, eskolak, gizarte, kultur eta kirol erakundeak, elkarteak, e.a. Bilatzen dena da guztion artean Azkoitia Osasuntsua, Azkoitia Bizia eraikitzea. Alegia, alkoholaren eta drogen kontsumoak eragiten dituen arazoen inguruan kontzientzia soziala sortzea, prebentzio mailan lanean jarraitzeko, non erantzukizun partekatua garrantzitsua den.

“Parte hartu nahi duten pertsona edo erakunde guztiei zabaldutako prozesua da. Pertsonek, familiek eta komunitateak berak bizimoduko ohitura osasungarriak garatzeko dituzten esperientzia eta bitartekoak hartuko ditugu oinarri. Arazoei buruz hitz egin beharrean, aukerei eta indarguneei helduko diegu, bestelakoek beldurretik eta kezkatik erreakzionarazten digutelako”, dio Ongizate zinegotzi Nekane Larrañagak.

Parte-hartze bilerak eta izen-ematea

Hezkuntza zentroek eta elkarteek gutun bat jasoko dute prozesuan parte hartzera gonbidatuz. Erakundeez gain, ordea, norbanakoek aukera dute gauza bera egiteko.

Izena emateko  943 85 71 76 telefonora deitu edo alkatetza@azkoitia.eus helbidera idatzi beharko da. Hiru bilera edo lan saio antolatu dira hiru egunetan eta partaide bakoitzak aukeratu ahalko du ondoen datorkion eguna. Ez da beharrezkoa hiru lan-saioetara joatea hiruretan eduki bera jorratuko delako. Bilerak izango dira irailaren 25ean eta 27an, eta urriaren 2an. Elkargunean egingo dira 18:00etatik 20:00etara.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide