Jokin Egiguren: «Urte askotako lanaren saria jaso dut UTMB mendi lasterketan»

Maxixatzen.eus 2017ko ira. 6a, 11:58
Jokin Egiguren eta bere familia, helmugaratu eta berehala.

Pasa den asteburuan, Jokin Egiguren Iturraldek (Azpeitia, 1976) lehen aldiz hartu zuen parte Ultra Trail Montblanc (UTMB) mendi lasterketan. Une txarrak igaro zituen arren, lasterketan aurrera jarraitzea erabaki zuen, eta bera animatzera joan ziren familiako kideek emandako indarrarekin, 175. postuan amaitu zuen proba. Honako hitz hauek eskaini dizkio Azkoitian bizi den lasterkari azpeitiarrak Maxixatzeni:

 

UTMB (Ultra Trail Mont Blanc) lasterketan parte hartu duzu. Zer nolako esperientzia izan da?

Esperientzia izugarria izan da. Chamonixen (Frantzia) aste guztian zehar bizitzen den giroa aparta da, eta lasterketa bera zer esanik ez. Ultra Trail mundua gustoko duen edonori esango nioke bizitzan behin behintzat hara joan beharra dagoela.

Ostiralean hasi eta igandean amaitu zenuen lasterketa, 31 ordu t ’erdi eta gero. Nola prestatzen da horrelako mendi lasterketa bat?

Nik uste dut horrelako lasterketa bat ez dela urte batean prestatzen, hainbat urtetan egindako prestaketak ematen duela horretarako gaitasuna. Ez da nahikoa fisikoki prestatzea, buru aldetik ere oso prestatuta egon beharra dago. Momentu txarrak beti izaten dira, eta horri aurre egiten jakin behar da, bestela ez dago helmugara iristerik. Horrelako lasterketa luzeetan edozein txikikeriagatik lasterketatik kanpo gera zaitezke, eta dena kontrolpean izateko urte askotako esperientzia behar da.

Zenbat korrikalarik hartu zuten parte? 175. postuan sailkatu zinen. Horrenbeste ordu hanken gainean ibilita, nola ospatu zenuen helmugara iristea?

Irteeratik 2537 lasterkari abiatu ginen, eta horietatik 1686 helmugaratu. Helmugaratzea oso polita izan zen niretzat, urte askotako lanaren saria jaso dut UTMB mendi lasterketan. Gainera nire bi alabak nirekin batera sartu ziren helmugan, eta horrek are bereziagoa egin zuen guztia. Ondoren, helmugako arkuaren azpian argazki batzuk atera genituen, eta berehala etxeratu nintzen. Zeharo nekatuta nengoen, eta goizeko ordubiak ere baziren.

Momentu txarrak ere pasatuko zenituen lasterketan zehar. Noiz eta non sufritu zenuen gehien? Burutik pasatu al zitzaizun erretiratzea?

Bai, egia esan beti egoten da momentu txarren bat. Lasterketa ia guztia tripetako minez ibili nintzen, eta jatea gero eta gehiago ari zitzaidan kostatzen. Champex-eko anoa gunera (123. km) iritsi nintzenean, emazteari lasterketa bertan bera utzi behar nuela esan nion. Ez nintzen ezer jateko gai, eta janari usainak berak ere botagurea ematen zidan, eta garbi nuen ez banuen jaten ez nintzela anoa gunetik aterako. Mendian sekulako hotza egiten zuen, eta beldur nintzen ez banuen jaten txakalaldiren bat eman eta mendian ez gora eta ez behera geldituko ote nintzen.

Emazteak esan zidan presarik ez zegoela eta egoteko lasai. Beraz, arropa lehorra jantzi eta lehenik gorputza berotzen saiatu nintzen. Pixkanaka urdaila bere onera itzultzen hasi zen, eta jateko gai izan nintzen. Hanketatik ondo nengoela ikusita berriz martxan jartzea erabaki nuen ordu t'erdi geroago.

 

 

Aurtengo denboraldian beste mendi batzuk ere zapalduko zenituen. Zenbatgarren lasterketa izan da?

Aurten egin dudan zortzigarren lasterketa izan da, baina orain arte egindako denak prestaketa modukoak izan dira. Aurtengo urterako nuen helburu bakarra Chamonixen lasterketa on bat egin eta helmugara iristea zen, eta lortu dut.

Frantzia, Italia eta Suitza igaro dituzu asteburuan. Zerk erakarri zaitu lasterketa horretan parte hartzeko?

Gauza asko ditu erakargarriak lasterketak. Bata lasterketa bera da. Neure burua noraino iristeko gai den ikustea, esfortzua azken muturreraino eramatea. Bestea, zalantzarik gabe, bertan ikusten dituzun paisaiak dira, dena zoragarria da. Montblanc mendiguneari itzulia eman behar zio, eta 2500 metrotik gorako gailurrak zapaltzen dira. Lasterketaren inguruan sortzen den giroa benetan da berezia. Chamonix herrian munduko txoko desberdinetatik etorritako jendea elkartzen da.

Munduko lasterkari onenekin batera lehiatu zara, Killian Jornet tartean. Berezia izan al da?

Bai, beti da berezia munduko onenekin batera lasterketa batean parte hartzea, nahiz eta guk lasterketa hasi aurretik bakarrik ikusten ditugun.

Errepikatzeko asmorik ba al duzu?

Ez dakit. Gustatuko litzaidake, baina horretarako gauza asko lotu behar dira. Nik kirol denda bat dut. Bakarrik nago dendan, nahiz eta behar dudaenan familiakoek laguntzen didaten. Ez da lanbide erraza entrenatzeko astean sei egun lana eginda, ez eta oporrak hartzeko ere. Baina ez dut ezetzik esango, asko gustatu zait esperientzia eta familiakoak ere gustora ibili dira.

Orain atsedena hartu beharrean izango zara, baina, ba al duzu beste lasterketarik jomugan?

Bai orain atsedena hartuko dut. Nahiz eta muskularki nahiko ondo amaitu nuen lasterketa, buruak atseden txikia eskatzen dit. Otsailean egin nuen lehen lasterteka, eta denboraldia luze egiten da. Aurrera begira, agian azaro amaieran Donostiako maratoia egitera animatuko naiz; badira urte batzuk ez dudala egin, eta aurten berriro probatzea posible da.

Jokin Egigurenek lasterketa amaitu zuen unea, bideoan:

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide