Ibon Beitia: «Motoan ibiltzeak askatasuna ematen dit, askeago egiten nau»

Maxixatzen.eus 2017ko ira. 27a, 12:16
Ibon Beitia Zuazolazigorraga, moto gidaria.

Ibon Beitia Zuazolazigorraga (Azkoitia, 1990) enduro modalitateko moto lehiaketetan aritzen da, eta aurten lasterketa bakar batean parte hartu du oraingoz. Txikitatik datorkio motoetarako zaletasuna, aitaren bitartez jaso baitzuen. Lesioek eraginda, inoiz pentsatu izan du horrenbeste maite duen motoa uztea, baina zaila egiten zaio berea sentitzen duen kirola albo batera lagatzea.

 

Noiztik eta nondik datorkizu motor mundurako zaletasuna?

Txiki-txikitatik datorkit zaletasuna. Etxean, aitak moto bat baino gehiago izan du beti, eta neuri 6 urte nituela-edo oparitu zidaten lehen motoa. Ordutik, neurea sentitzen dut kirol hau.

Motoetatik zer gustatzen zaizu gehien?

Moto gainera igo eta motoan ibiltzeak askatasuna ematen dit, askeago egiten nau, eta hori oso gustuko dut.

Lan handia ematen al du gisa horretako motoak zaintzeak?

Kirol honek, norbera zaintzea ez ezik, motoa zaintzea ere eskatzen du. Normalean, beti izaten da egin beharreko zerbait.

Lehiaketetan ibiltzen zara, zein mailatan?

Orain dela bost urte parte hartu nuen lehen aldiz enduro modalitateko lasterketa batean. Gero, ia bi urte geldirik egon naiz, baina orain dela aste gutxi berriro lehiaketa batean izan naiz, eta oso gustura amaitu nuen.

Maila handiko kirolariak al daude lehiaketan?

Maila handia dagoela esango nuke, bai. Oro har, oso kirolari gogorrak dira lehiaketan parte hartzen dutenak, eta, horien aurka lehiatzeko, maila ona behar da.

Lehia handia al dago?

Lehia beti dago, eta are gehiago motoena bezalako lehiaketetan. Halere, moto gidarion artean dagoen lehia pike sanoa da, nire ustez.

Lehiaketa horietan jokatzeko, Euskal Herritik kanpora joan behar izan al duzu?

Denetariko txapelketak daude, eta motozale bakoitzak erabakitzen du zein lasterketatan parte hartu. Nik, esaterako, 2014an Euskal Herritik irteteko aukera izan nuen lehiaketa batean parte hartzeko.

Arazo mekaniko eta fisikorik izan al duzu denboraldi honetan?

Arazo mekanikoak beti izan ohi dira, txikiak badira ere, baina fisikoak ere izan ditut. Aurten, momentuz, ez dut inolako arazorik izan. 2014an, ordea, sorbaldan min hartu nuen, eta ebakuntza egin behar izan zidaten. Hurrengo urtean, 2015ean, berriz min hartu nuen leku berean. Horren ondorioz, ia bi urtean lehiaketetatik kanpo egon behar izan dut.

Astean zenbat entrenamendu egiten dituzu? Eta nolakoak izaten dira?

Astean lan saio bat edo bi egiten ditut, asteburuan lana dela-eta ez baitut izaten entrenatzeko denborarik. Gure entrenamenduak oso arruntak izaten dira. Lasterketetan parte hartzen duten lagunekin mendiz mendi joan ohi gara; ibili eta ibili izaten da gure entrenamendua. Halere, gero eta zailagoa da mendian motoarekin ibiltzea; izan ere, jendeak ez gaitu gustuko mendian, eta askotan gaizkileak ematen dugu.

Zein da orain arte lortu duzun emaitzarik onena?

2013. urtean, Junior Garaikurra lehiaketan irabazle izan nintzen, eta, 2014an, Euskadiko Junior Txapelketan txapeldun gelditu nintzen.

Orain arteko palmaresa zein da?

Palmaresa hitz handiegia da niretzat, kar-kar-kar.

Motoei dagokienez, zein da zure ezaugarririk aipagarriena? Eta batez ere zertan hobetu beharko zenuke?

Bi aldiz pentsatu gabe egiten dut aurrera, baina pentsatutakoa beti ez da ondo irteten. Beste askotan, aldiz, emaitza onak izan ditut gauzak etorri bezala egitea erabaki dudanean. Hobetzekotan, berriz, arlo fisikoa hobetu beharko nuke.

Motoari zer-nolako hobekuntzak egiten saiatzen zara?

Hobekuntza askorik ez diot egiten; normalean, gurpilak eta esekidurak ukitzen dizkiot. Horiek izaten dira motoari egin beharreko hobekuntza ohikoenak.

Zein da motoarekin lotuta duzun irudirik ederrena?

Lehenengo aldiz podiumera igo nintzenekoa ondo gogoan dut: sekulako lehia izan nuen egun hartan, eta borroka handia egin behar izan nuen podiumera igo ahal izateko.

Inoiz pentsatu al duzu kirola uztea?

Bai, pasatu izan zait burutik behin baino gehiagotan. 2014an sorbaldako ebakuntza egin eta hurrengo urtean leku berean min hartu ostean, askotan pentsatu nuen moto mundua uztea, baina oso zaila egiten zait motoa alboratzea.

Zein da zure ametsa?

Gustuko ditudan gauzak bizi osoan egiteko aukera izatea. Horiek egiteko aukera badut, ametsa betea izango dut.

 

 

Gehien miresten duzun pertsona:

Valentino Rossi.

Erreferente bat:

David Knight.

Pelikula bat:

Taxi 2 eta American History X.

Gorroto duzun zerbait:

Esan beharreko gauzak aurpegira ez esatea.

Azkoitiko alkate bazina:

Zenbat gauza aldatuko nituen… Ez dago kontatzerik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide