Jenny Calero: «Txapelketetan dantza egitean sentitzen dena ez nuke ezeren truke aldatuko»

Maxixatzen.eus 2017ko ira. 20a, 12:19

Jenny Calero Asorey (Azkoitia, 1989) 17 urterekin hasi zen dantzan, telebistako dantza saioetako soinekoek txundituta utzi zutenean. Duela urte batzuk Born to Dance dantza eskola ireki zuen Azkoitian, eta irakasle lanak dantza txapelketekin uztartzen ditu. Dantza edonork egin dezakeela dio, eta dantza egin nahi duen oro probatzera animatu du.

 

Dantzaria ez ezik, dantza irakaslea ere bazara. Nolakoak izan ziren hastapenak?

Neure eskola irekitzeko prozesua ikaragarria eta ahaztezina izan zen. Ilusio handiz ibili nintzen dena prestatzen. Behin irekitakoan, ordea, urduritasuna zen nagusi: “Ondo joango al da?”, galdetzen nion neure buruari. Orain, guztira 70-80 ikasle inguru dabiltza dantza eskolan: gazteenek 4 urte dituzte, eta hortik aurrera adin guztietako jendea aurki daiteke. Beste herri batzuetatik etorri izan dira ikasleak, gainera. Bestalde, momentuz neu naiz eskolako irakasle bakarra, baina noizean behin ikastaro bereziak ere egiten ditugu, eta horietan beste irakasleren bat ere egon izan da.

Zer dantza mota irakasten dituzue?

Aretoko kirol dantza eta soziala, dantza modernoak, zumba ikastaroak eta sevillanak irakasten ditugu, oraingoz. Datorren urtera begira, ordea, beste dantza mota batzuk egiteko asmoa dugu.

Nolakoak dira areto dantzak ikasteko lehen pausoak?

Oso oinarrizkoak dira. Ia denek, festetan dantza egiten dutenean, pauso horiek egiten dituzte konturatu gabe. Edonork egin dezake dantza, arazorik gabe: denok ikasi dugu irakurtzen, idazten, eguneroko gauzak egiten… Eta dantzarekin ere berdin gertatzen da.

Betidanik nahi izan al duzu dantzatik bizi?

Ez zitzaidan sekula burutik pasatu dantzatik biziko nintzenik, dantzako ikastaroetan hasi nintzen arte. Dantzaria ez banintz, medikua edo kriminologoa izatea gustatuko litzaidake; agian, biak.

Oztoporik aurkitu al duzu bidean?

Oztoporik handiena entrenamenduetako eguneroko lehia izaten da, egunetik egunera dantzari hobea izateko lehia hori.

Aurten ere egin duzue urte amaierako ekitaldia Gurea pilotalekuan.

Alde batetik, ikasleek ilusio handiz parte hartzen dutelako eta oso egun polita izaten delako egiten dugu jaialdi hori; eta, beste aldetik, horrelako dantza motekin osatutako jaialdiak ikusteko ez dagoelako ohitura edo kultura handirik hemen inguruan.

Ongintzazko jaialdia izaten da. Norentzat izan da aurten bildutako dirua?

Gaztaroko artritis idiopatikoa dutenen aldeko AIJ elkartearentzat izan da. Ez da oso gaixotasun ezaguna, eta dantza egiteagatik ume bat bada ere sendatu edo hobetuko balitz, egunero egingo nuke dantza.

Bikotekidearekin egiten duzu dantza. Nolakoa da zuen harremana?

Oso harreman ona dugu. Ez genuen elkar ezagutzen, baina ederki moldatzen gara.

Nola lortzen duzu zeure entseguak eta eskolak bateratzea?

Astean zehar nire bikotekideak ere eskolak lantzen ditu, eta, beraz, asteburuak aprobetxatzen ditugu elkarrekin batzeko. Azkoitian edo Madrilen elkartzen gara, txapelketarik ez badugu, entrenatzeko eta elkarri klaseekin laguntzeko.

Lehiaketetan ere aritzen al zara?

Bai. Aurten, gehienbat lehiaketa nazionaletan lehiatu gara. Nazioarteko txapelketetan ere izan gara, baina gutxitan. Datorren urterako, berriz, nazioarteko txapelketa gehiagotan parte hartzeko asmoa dugu.

Zein izaten da lehiaketen alderik gogorrena? Eta aberasgarriena?

Gogorrena ezertarako astirik ez izatea da; jendea festetan, igerilekuan edo kafea hartzen dagoen bitartean, gu entrenatzen edo txapelketetan aritzen gara. Aberasgarriena, berriz, txapelketetan dantza egitean sentitzen dena da; ez nuke ezeren truke aldatuko.

Ba al duzu txapelketa kuttunik?

Bai, egin genuen lehena. Hori ez da sekula ahazten. Horrez gain, Parisen egin genuena ere oso kuttuna dut.

Zein da txapelketa batean gertatu zaizun gauzarik bitxiena?

Neska txiki batek autografoa eskatu zidan behin [barrez].

Oraindik parte hartu ez duzun zein lehiaketatan aritzea gustatuko litzaizuke?

Blackpoolen egiten den lehiaketan parte hartu nahiko nuke. Oso txapelketa handia da, eta ikaragarria izan behar du han egoteak.

Zein estilotan sentitzen zara erosoen?

Galdera zaila da hori. Mota guztietan, era batera edo bestera, eroso sentitzen naiz. Hala ere, bat esatekotan, erosoen dantza latinoetan sentitzen naiz: sanba, txa-txa-txa, runba, pasodoble eta jive estiloetan. Horietatik bat aukeratu beharko banu, jive aukeratuko nuke: boogie rock eta swing estiloen nahasketa, hain zuzen.

Non ikusten duzu zeure burua etorkizunean?

Entrenamendu gogorrak egiten, betiko ametsa lortu ahal izateko.

Dantzaz gain, beste afiziorik ba al duzu?

Bai, telebistako telesail guztiak [barrez].

 

Motzean

Gehien miresten duzun pertsona: edozein dantzari

Erreferente bat: etxekoak

Pelikula bat: akziozko guztiak

Abesti bat: River flows in you

Gorroto duzun zerbait: gezurra

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide