Luciano Juaristi: «Azkoitiko pilota beti izan da erreferentea mundu osoan»

Maxixatzen.eus 2017ko ira. 5a, 17:57

Luciano Juaristi Alberdik (Azkoitia, 1932) aurtengo andramaixei hasiera eman zien txupinazoa botatzeko ohorea izan zuen. Udalak Azkoitiko pilota omendu nahi izan zuen aurtengo festetan, eta Juaristik esan zuen abuztuaren 14an Azkoitiko pilotak urte luzez egindako lanaren saria jaso zuela.

 

Pilota utzi zenuen, baina pilotalekuak ez.

Ez, beti joaten gara partida batzuetara. Ez dut zaletasuna galdu; hori gurea izan da, eta neurekin eramango dut beti.

42 urterekin utzi zenion pilotan jokatzeari. Penaz utzi al zenion?

Bergaran jokatu nuen azkeneko partida, baina ez nuen penatuta utzi. Alde horretatik, zorteko izan nintzen. Batzuek gaitasun onak izan dituztelako gozatzen dute kirola, eskuak osasuntsu izan dituztelako. Nik horixe izan nuen txarra: eskuetatik asko sufritu nuen, eta asko sufritze horrek gerorako laguntasuna eman zidan. Bat ohitu egiten da hilabete eta erdi edo gehiago mugitu gabe egoten, eta gero geldirik egotea tokatzen denean prest egoten da.

Atanotarra izanda, jakina da etxetik datorkizula pilotarako sena. Nola hasi zinen?

Garai haietan, nik bezala beste gehienek egiten zuten pilotan. Beste kirolak ere egiten ziren, futbola kasurako, baina pilota zen herriko oinarria. Kontzejupean jendea egun osoan ibiltzen zen, beti egoten zen norbait. Gure dibertitzeko modua izaten zen pilota. Gero, pilotan ibili eta ibili, ia konturatu gabe gora iritsi nintzen.

Nola gogoratzen dituzu profesional gisa egin zenituen lehen urratsak?

Askok esaten dute lortutako arrakastekin gogoratzen direla. Ni, berriz, alderantziz: galdutakoekin gogoratzen naiz, beti zergatik galdu ote nuen pentsatzen, aitzakia bila.

Nola ikusten duzu gaur egungo pilota profesionala?

Nahiko zaila ikusten dut; gure garaiarekin alderatuta, zaila da gaur egun. Pilotazalea ez da lehen bezala joaten pilotalekura; telebistak badu indarra, baina jendea ez bada pilotalekura joaten, pilotak ez du etorkizunik. Pilotalekua oinarrizkoa da. Errekurtso guztiez baliatzen ari dira: torneoak, txapelketak… Lehen ez zen horrelakoen beharrik. Lehen, Buruz Buruko Txapelketa jartzen zuten, baina enpresek esaten zuten beharrik ez zutela, jendea bestela ere joaten zela frontoira.

Nola ikusten duzu pilotarien maila? Oraingoak lehengoak baino hobeak al dira?

Oso delikatua da bi-hiru belaunaldi elkarrekin uztartzea. Aurkari asko sortzen ditu gai honek; izan ere, lehengoek oraingoen gauza batzuk ez dituzte ondo ikusten, eta oraingoek lehengoen beste batzuk ere ez. Gai hau pilota zaintzen dutenei eta interesatzen zaienei utziko diet, azter dezaten.

Zer eman dizu zuri pilotak? Eta kendu?

Ezer gutxi kendu dit. Kirola erraz egin nuen. Kirola gustatzen zaizulako aukeratzen duzun zerbait da; beste kontu bat da zeure buruari galdetzea kirol horretan nolakoa izan nahi duzun, zeure gaitasun guztiak emateko prest zauden edo erdipurdi ibili nahi duzun. Hor dago benetako erabakia. Erdipurdi ibili nahi dutenak ez dira asko prestatzen, eta askotan pentsatzen dute gauza bat ondo egiteagatik beste bat ere ondo egingo dutela. Dena eman nahi duena, berriz, dena emateko konforme egongo da. Hor dago desberdintasuna.

Batzuek esaten dute kirol sakrifikatua dela, baina niri ez zait kostatu. Egiten duzun sakrifizio hori beste alde batetik konpentsatuta egoten da, eta bi alde horietako bakarra neurtzen bada, gaizki zoaz.

Nola ikusten duzu Azkoitiko pilotazaletasuna?

Ezin ulertuta nago. Behin ikusi nuen hemengo gazte bat Bergaran, eta esan nuen: honek derrigor iritsi behar du profesionala izatera. Ez zen irten, ezbehar batzuk izan zituelako; kasu berezia izan zen. Harrezkero, irtengo direla pentsatu eta irteten ez direnak asko izan dira. Lehengo esaera bat bada: zerbait gogorra egin behar baldin bada, larre motzekoa behar du. Eta neu ere ados nago horrekin. Ezin antzean bizi denak gauzak egiteko indar handiagoa izaten du dena eskuan duenak baino. Ikaragarria da gaurko umeak nola ari diren hazten. Lehendik dator, gero eta hobeto bizi dira, eta uste dut horrek eragina duela pilotari profesionalak ez ateratzeko orduan.

Atanotarrak ia denok nabarmendu zarete pilotan. Bat bereiztekotan, zein aukeratuko zenuke?

Atano III.a izan da denetan ezberdinena. Beste anaiak ere onak izan ziren, baina hura horretarako jaiotakoa zen.

Pilotaria jaio egiten al da?

Jaiotzen baldin bada, askoz hobea izango da, baina gero ahalegindu egin behar da. Jaiotzen diren asko geratzen dira aurrera atera gabe. Pilotarako jaio ez dena, ordea, aurrera atera daiteke konstantziaz eta sakrifizioz.

Zure iritziz, hemendik urte batzuetara nola egongo da Azkoitiko pilotazaletasuna?

Orain bezala jarraitzen badu, ez du ematen pilotari asko irtengo denik. Orain, gainera, beste kirol askok hartu dute indarra.

Herritar bat pilotari profesionala izatera iritsiko balitz, poza hartuko al zenuke?

Bai galanta. Aterako zirela pentsatu izan dudan batzuk atera gabe geratu direnean pena handia hartu izan dut. Pentsatu zer-nolako poza hartuko nukeen aterako balira.

Badira urte batzuk Azkoitiak herriartekoak irabazi ez dituela. Hemendik urte batzuetara irabazteko moduan ikusten al duzu herria?

Gauza guztietara dedikatzeko, dirua behar da. Umeei pilotan irakasteko norbait ipini behar da. Ez da garai batean bezala; orduan, irakasleek sakrifizioz eta gustuko zutelako egiten zuten. Gaur, nolabaiteko konpentsazioa eskatzen dute. Udalak edo agintariek laguntzen ez badute, gauzak ez dira errazak izango.

Pelotai Eune ere urtero ari dira antolatzen. Zer iritzi duzu?

Ondo deritzot. Herriarentzat pilota zer izan den gogoratzea ezinbestekoa da. Horrelakoak ez badira egiten, galdu egingo da, eta jendeak ez du jakingo zer izan zen. Azkoitia beti izan da pilota kontuan mundu osoan erreferente. Herriko pilotari asko iristen zen maila gorenera.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide