Andramaixek 2017

Udalak Andra Mari jaien balorazio «guztiz positiboa» egin du

Maxixatzen.eus 2017ko abu. 19a, 21:19

Udalak Andra Mari jaiez gozatu dutenei eskerrak eman dizkie «jaiak normaltasun osoz, giro onean eta partaidetza handiarekin igaro direlako, eta, gainera, ez delako gertatu inolako istilu edo jazoera tamalgarririk». Balorazio «guztiz positiboa» egin du, beraz. Salbuespen bakarra abuztuaren 19ko goizaldean bikote baten artean sorturiko liskarra izan dela azaldu du. Hona hemen Udalaren oharra:

 

"Udalak herritarrei zein egun hauetan Andramaixez gozatzera etorri diren bisitariei eskerrak ematen dizkie, jaiak normaltasun osoz, giro onean, partaidetza handiarekin eta inolako istilu edo jazoera tamalgarririk ez delako gertatu. Balorazioa guztiz positiboa da, beraz. Salbuespen bakarra gaur goizaldean bikote baten artean sorturiko liskarra da. Ibai Ondo kalean izan da eta Ertzaintza eta Udaltzaingoa lekuko zuzenak izan dira biribilgunean zaintza patruilak jarrita zituztelako. Polizia iturrien arabera, emakumezkoak muturreko bat eman dio gizonezkoari eta honek ostikada batekin erantzun. Biak epailearen aurrean deklaratzera deituak daude astelehenean. Gizonezkoari lau puntu eman dizkiote zaurian. Hasiera batean atxilotu ere egin dute baina berehala utzi dute libre.

'Jaiak hasi aurretik denei errespetua eta bizikidetza zaintzeko eskatu genien. Horrela izan da. Azkoitiak eredu ona eman du. Jendea behar bezala dibertitu da', dio Javier Zubizarreta alkateak.

Halaber, Angel Martin Festetako zinegotziak Andramaixetan parte hartu duten boluntarioen eta elkarteen lana eta ahalegina eskertu du, 'haien ekarpenik gabe oso zaila bailitzateke jaiak antolatzea'.

Pixie&Dixie Band edota Rockbox taldeen kaleko musika ikuskizunak, Passepartout eta  Hesian-en kontzertuak edota laburmetraien proiekzioa izan dira jendea gehien erakarritako ekintzak".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide