Urrategi bidean kokatuko den Lidl eraikitzeko lanak esleitzeko prozedura martxan

Maxixatzen.eus 2017ko abu. 2a, 11:30
Trenbidearen Zumardia kaleko Lidl supermerkatua itxi egingo dute, Urrategi bideko zentro berria eraikitzen dutenean.

Iaz jakitera eman zuten moduan Urrategira bidean eraikiko dute Azkoitiko Lidl supermerkatu berria, lehengoa itxita. Pasa den asteazkenean, berriz, Urrategi bideko hiritartze lanen adjudikaziorako prozedura abiatzea onartu zen Udalaren osoko bilkuran, EAJ eta PSE-EE alderdien aldeko botoekin. Beraz, establezimendua eraikitzeko lanak esleitzeko prozedura aurrera doa.

 

Konpainia alemaniarrak iaz erosi zituen Urrategira bideko (32 sektorea) bi lursailak, eta bera arduratuko da lursailaren urbanizazio kostuez. Zehazki, Zabale baserriaren eta Gurutze Gorriaren artean dauden lurretan eraikiko dute, gaur egungoa, Intsausti kalekoa, itxita. Lanek 1.730.338 euroko aurrekontua izango dute, eta zortzi hilabetetako epea amaitzeko. Beraz, supermerkatu kateak eraikina eraiki eta ingurua urbanizatu beharko ditu.

Lidl-eko Higiezinen Gerente Carlos Vallejok, Hedapen buru Juan Luis Gueretak eta Ipar Ordezkaritzako Zuzendari Juan Sanromak adierazi dutenez, lekualdatzeak lanpostu berriak sortuko ditu: «Oraingoan hamaika lagun egongo dira lanean, eta establezimendu berrian hogei bat beharko ditugu». Bestalde, orain arte bezala deskontuen estrategiarekin jarraituko dutela gaineratu dute prezioetan lidergotza ez galtzeko.

Pasa den asteko osoko bilkuran EAJ eta PSE-EE alderdien aldeko botoekin onartu zen supermerkatua eraikitzeo lanen esleipena, behin-behinean. EH Bilduk aurkako boza eman zuen, argudiatuz «Lidl eraikitzeko beste pauso bat» dela. Horrez gain, Iraitz Otaño EH Bildu koalizioko bozeramaileak hau gaineratu zuen: «Ez zaigu iruditzen halako gune batek herriko merkatari txikiei mesede egingo dienik».

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide