Ikuskizun publikoak arautzen dituen ordenantza onartu du Udalak

Maxixatzen.eus 2017ko uzt. 28a, 12:25

Asteazkenean onartu zuen Udalak ikuskizun publikoak arautzen dituen ordenantza, «aisia eta atsedena orekatzeko eta adin txikikoak babesteko xedez», adierazi dute Udaletik.

 

«Udalaren erronka da batetik herritarrek aisialdirako duten eskubidearen eta atseden hartzeko duten eskubidearen artean oreka bilatzea, eta bestetik, adin txikikoak alkoholaren eta gainerako substantzia kaltegarrien kontsumotik babestea», azaldu dute. Aste honetako udal osoko bilkurak onartutzat eman du ikuskizun publikoak eta aisialdi jarduerak arautzen dituen ordenatza, EAJren eta PSE-EEren aldeko bozkekin.

Hiru giltzarritan sostengatzen da: bizikidetza, segurtasuna eta osasuna. «Ordenantzak bilatzen duena da espazio publiko eta pribatuetan antolatzen diren ikuskizunetan segurtasuna bermatzea; espazio publikoaren erabilera pribatua arautzea; alkohola, tabakoa eta drogen inguruko legedia betearaztea, eta azkenik, Alde Zaharreko ostalaritzako establezimenduek euren aktibitatea egokitzea dituzten lizentzien irizpideen arabera», gaineratu dute Udaletik.

Adierazi dutenen, Udala jakitun da ordenantzak modu partzialean konpon dezakeela arazoa, «udal eskumenetik haratago ezin duelako joan», adierazi dute. 

Ekitaldi publikoak antolatzeko baldintzak

«Azkenaldian kontzertuak debekatu eta oztopoak jarri izana kritikatu zaio Udalari. Egin duen gauza bakarra izan da eskaera prozedura bat martxan jartzea, kontzertuak segurtasun berme guztiekin egin ahal izateko», gaineratu dute Udaletik.

Edozein pertsonak, erakundek edo elkartek ekitaldi publiko bat antolatu nahi badu, kontzertuak kasu, gutxienez bi hilabete lehenago egin beharko du eskaera Udalean, eta hiru dokumentu aurkeztu beharko ditu: Udalari ordaindu beharreko fidantzaren frogagiria jarduera eta gero, hilabeteko epean bueltatuko dena, erantzukizun zibileko aseguruaren ziurtagiria eta ekitaldia edo jardueraren deskribapen txostena. Ekitaldiaren tamainaren edo dimentsioaren arabera, Udalak eskakizunak gehitu ditzake. Horrez gain, antolatzaileek kontutan izan beharko dituzte, besteak beste, kutsadura akustikoa edota ordutegiak, udal araudiaren arabera.

Ikusi onartu den ordenantza, loturan

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide