Gipuzkoako Foru Aldundiak aurrera egiten du Azkoitia-Urretxu errepidearen eraikuntza proiektuarekin

Maxixatzen.eus 2017ko uzt. 27a, 10:57

Alternatiben azterketak hiru erreiko hiru gune aurreikusten ditu aurre hartzeko maniobra errazteko, eta proiektu hori egin ondoren, lehen zatiaren eraikuntza proiektua amaituko da urte bukaerarako.

 

Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatua Jabier Zubizarreta Azkoitiko alkatearekin elkartu da, GI-631 errepidearen Azkoitia eta Urretxu zatiaren eraikuntza proiektua aztertzeko. Proiektu berriak "nabarmen hobetuko" duela azaldu dute egungo trazatua, hirugarren errei bat aurreikusten baitu hiru zatitan. Aurreikusitako obrak egin ondoren, errepideak kapazitate handiagoa izango du, ibilbidearen iraupena murriztuko da eta, batez ere, seguruagoa izango da.

Oiarbide diputatuak Azkoitiko alkateari jakinarazi dio foru erakundea lanean ari dela zatietako baten eraikuntza proiektuan eta prest egongo dela urte amaitu aurretik. “Zatiak bananduta daudenez, fasetan eraikiko da. Hartara, proposamen ireki eta malgua egin nahi da, unean uneko aurrekontuen errealitatera doitu ahal izango dena” azaldu du Oiarbidek.

Azkoitia eta Urretxu arteko GI-631 errepideak trazatu bihurritsua du, Urola ibaiaren ibilguari jarraitzen dio 13 kilometrotan, eta bihurguneetako batek 50 metroko erradioa ere badu; gainera, plataformaren zabalera oso mugatua da.  Arazoa da 13 kilometro horietan, trazatua eta zirkulazio intentsitatea kontuan hartuta, oso zaila izaten dela ibilgailu batek beste bat aurreratzea, eta, ondorioz, bide horretan ibiltzen diren kamioi ugariek ezartzen dute abiadura.

Proiektu berriak trazatua hobetu nahi du, eta aurreratzeak egiteko hirugarren errei bat egin, hartara trazatuak gaur egun duen arazo nagusia konponduko bailitzateke. Gaitasuna eta segurtasuna hobetzen dira, eta ibilbidearen iraupena murrizten da. Gainera, ez du eraginik izango bidegorrian, ez eta Ibaieder–Barrendiola hodian ere, eta ezkerrerako biraketak hobetuko direnez, segurtasuna ere hobetu egingo da.

Gipuzkoako Foru Aldundia Azkoitia eta Urretxuko udalekin elkarlanean ari da bi herrien arteko errepideari soluzio egokiena aurkitu nahian. Lehen fasearen proiektuaren idazketa amaitzen denean, obrak trafikoan izango duen afekzioa aztertzearen garrantzia azpimarratu du Oiarbide diputatuak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide