Hasi da lanean Drogomenpekotasunen Prebentzio Mahaia

Maxixatzen.eus 2017ko uzt. 21a, 09:50

Udalak Drogomenpekotasunen Prebentzio Komunitarioko Mahaia osatu du «Azkoitia osasuntsu baten alde» lan egiteko xedez. Bere funtzioa da osasun-hezkuntza indartzea, ohitura osasungarriak bultzatuz substantzia adiktiboen kontsumoari mesede egiten dien jokabideen aurrean.

 

Lehenengo fasean zer landu, potentziatu, eraldatu edo hazi nahi den definituko da. Bilerak hasita daude eta parte hartzen dute ordezkari politikoek, Kultura, Gazteria eta Gizarte Zerbitzuetako udal teknikariek eta Udaltzaingoak.

Uda ondoren, parte-harze proposamena hezkuntza zentroei eta gizarte, kultura eta kirol elkarteei luzatuko zaie, ahalik eta eragile gehien egon daitezen mahaian, elkarrizketa ireki bat mantenduz.

Abiatutako prozesua garatzen doan heinean, ekintza kronograma bat zehazten joango da mahaia, drogen kontsumoak eragiten dituen arazoen inguruan kontzientzia soziala sustatzeko eta prebentzio lanaren eta erantzukizun partekatuaren garrantziaz jabetzeko. Helburua da kontsumoa saihestea edota kontsumoaren hasierako adina atzeratzea. 

Adoleszenteena da alkoholaren eta estupefazienteen kontsumoaren aurrean talderik ahulenena. «Tamalez, abusuzko kontsumoaren ondorioz, anbulantzian osasun zerbitzuetara eraman beharrean aurkitzen diren nerabeen kasuak ez dira noizean behingoak. Azken kasua, 17 urteko neska azkoitiar bati gertatu zitzaion aurreko larunbatean, uztailaren 15ean», adierazi dute Udaletik.

Informazio eta sentsibilizazio stand-ak andramaixetan

Prebentzio lanarekin jarraituz, Udalak aurreikusita du stand bat jartzea non alkohol tasaren proba prebentiboa egin ahalko den, informazioa jasotzearekin batera. Stand hau abuztuaren 16an, eliz atarian egongo da 23:00etatik 02:00ak arte.

Bigarren stand informatibo bat ere izango da andramaixetan. Bigarren hau genero indarkeriaren aurkakoa izango da. Plazan jarriko da abuztuaren 14an, 16an eta 18an.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide