Juan Inazio Sudupe: «Boluntarioa izateak norberari ematen dio laguntzarik handiena»

Maxixatzen.eus 2017ko uzt. 10a, 11:05

Juan Inazio Sudupe (Azkoitia, 1957) azkoitiarra Kolonbia aldean dabil solidaritate proiektu bat gertutik ezagutzen eta laguntzen. Uztailaren 4an iritsi zen Kolonbiara, eta hilabete emango du bertan. Maxixatzenek iritsi berri den herrialdeko egoera nolakoa den galdetu dio Sudupe salestarrari.

 

Zertara eta zergatik joan zara Kolonbiara?

Medellinera (Kolonbia) salestarren 'Don Bosco Hiria' proiektua ezagutzera etorri naiz. Lau euskal boluntario gabiltza proiektu horretan laguntzen, eta ni horiekin batera ari naiz, Gazteak eta Garapena fundazioaren izenean etorrita. Bi mutil irakasle dira, GG taldearekin etorriak, eta bi neska gizarte hezitzaile Eusko Jaurlaritzaren boluntario bekarekin datozenak.

Zer lan ari zara egiten? Zeini eskainiko diezu laguntza?

Arriskuan dauden ume eta gaztetxoen aldeko proiektuak ari naiz ezagutzen eta nire aletxoa ematen. Medellin hiriko salestarren 'Don Bosco Hiria' etxean nago. 50 urte inguru daramate salestarrek ume eta gaztetxoak babesten Kolonbian. Ume eta gaztetxo asko egoera txarrean daude. Familia askotan egonkortasun gutxi dago, sexu abusu ugari dago, eta jende asko nahiko egoera pobrean bizi da, goseak jota ere bai.  Proiektu handi honek gobernuarekin batera lan egiten du, gaztetxoen babesa eta arazo batzuen prebentzioa lantzen. Gaztetxoen babeserako proiektuek protokolo estuak dituzte.

Proiektuak atal asko ditu, eta nik bi atal landuko ditut bereziki. Orain 'Amets egiteko eskubidea' proiektuan ari naiz, auzo pobreetan egiten den adin txikikoen prebentzio lanean.

Gerrilan edo talde paramilitarretan aritu diren gazteen gizarteratze proiektu bikaina zuzentzen dute salestarrek. Hor emango ditut hemengo azken hamar edo hamabi egunak. Gure parrokietan ere laguntzen ari naiz. Erlijiotasun handia dago, bai kristautasunaren aldetik, bai beste adierazpen erlijiosoen aldetik ere. Jende asko biltzen da mezetara. Niretzat oso interesgarria ari da izaten salestarrek hemen egiten duten lana bertatik bertara ikustea. Arriskuan dauden gaztetxoen aldeko heziketa eta prebentzio lan bikaina egiten da, erakunde guztiek goraipatzen dute.

Zer behar dago Kolonbian?

Ez dut oraindik gauza asko ikusteko eta ulertzeko aukera handirik izan. Nire lehen inpresioak eta jendearengandik jasotako iritziak hauek dira: Kolonbia berez herri aberatsa da, naturak eman dizkion ondasun asko ditu. Jende alaia da, oso sormen eta kultura handiko jendea… Baina egoera ekonomikoa ez da erraza. Makroekonomiaren ikuspegitik, ez da 'herri pobrea', baina egunero aurrera egiteko zailtasun asko dituen jendea ezagutzen ari naiz.

Asko kexatzen dira gobernuaz. Ustelkeria eta lapurreta egozten dizkiote. Bestalde, badirudi gerrilen eta gobernuaren arteko bakerako bidea ondo doala, baina diotenez, horrek agerian utziko du benetako gizarte desoreka: pobreak gero eta pobreago eta aberats batzuk gero eta aberatsago.

Medellin hiri ikusgarria da. Badu erdigune historiko polita, parke ugari dago, Botero eskultorearen estatuak, merkataritza handia, eta industria ere bai. Inguruan dena mendi magalak dira. Mendi magal horietan etxetxo ugari dago pilatuta, oraindik adreilua bistan dutela.

Hirian hiru miloi pertsona inguru bizi da, inguruko herriak kontuan hartuta bost milioi inguru… Lehen egun hauetan aukera izan dut goiko mendietako auzo batzuetan gure proiektua lanean ikusteko. Lan bikaina egiten da, beti heziketaren ildotik, baina premiak izugarriak dira.

Pentsatzekoa da beste herrialdeetan izandakoa zarela laguntzen. Non? Non ikusi duzu laguntzeko premiarik handiena?

Orain urte batzuk Beninen eta Togon (Afrika) izan nintzen, udan, hango gure kaleko umeen proiektuak ezagutzen. Beningo eta Togoko kaleetan pobrezia handiagoa ikusi nuen. Ume asko kalean bizi zen. Kolonbian umeak ez dira kalean bizi, lotara etxera joaten direlako, baina gazte askok eguneko ordu gehienak kalean ematen dituzte. Drogen kontsumoa ere asko zabaldu da Kolonbian. Lehen droga ekoizlea zen gizartea, orain kontsumitzailea ere bada.

Zerk desberdintzen du Kolonbia gainerako herrialde horiekiko?

Gizarteak biolentzia asko sufritu du azken urteetan, paramilitarrak eta gerrilak zirela eta. Orain lasaiagoa da egoera, baina auzoetan talde batzuek menperatzen dute eguneroko bizimodu guztia; adibidez, dendariei jartzen dieten zerga edo diru eskarien bitartez. Jendeak konfiantza gutxi du gobernuarengan, nahiz eta honek gizartearen aldeko oso lege aurrerakoiak izan.

Nolakoak dira eguneko 24 orduak etxetik kanpo?

Hemen oso goiz jartzen da eguna martxan. Goizeko 05:00ak inguruan altxatzen da jendea, 06:00etarako argi dago. Arratsaldeko 18:30ak inguruan iluntzen du egunero. Goizeko otoitzaren ondoren, proiektuko auzo edo gune batera joaten naiz, normalean autobusez. Trafikoa zoratzeko modukoa da, batez ere goizean, eguerdian eta arratsaldean. Eguerdiko 12:00-12:30 inguruan izaten da bazkaria. Fruta asko eta ona dago, arroz eta artoz eginiko 'arepa' edo talo asko jaten dira. Haragi ona dago, baina arrain gutxi jaten da.

Astean sei egunetan egiten da lan, astelehenetik larunbatera. Langileen eskubideak oso ondo finkatuta daude legez; praktika beste kontu bat da. Etxekoekin hitz egiteko aukerak ere izan ditut, baina kontuan hartu behar hemen zazpi ordu beranduago bizi garela. Azkoitian eguerdia denean, hemen oraindik goizeko bostak dira.

Zein zailtasuna aurkitu dituzu, eta zein da lan horretan gustukoena duzuna?

Zailtasun berezirik ez dut aurkitu. Hizkuntza ulertzea ez da erraza beti, nahiz eta gaztelaniaz hitz egiten duten. Antioquia departamentuko 'paisek' hitz egiten duten gaztelaniak Espainiako gaztelaniarekin zer ikusirik ez duten hitz eta esamolde asko ditu, eta hasieran, batzuetan, ez da ezer ulertzen.

Zailtasunik handiena baliabide ekonomikoen arazoa da ume eta familia askorentzat. Gustukoena, aldiz, jendearen harrera da. Oso abegikorrak dira. Mendi magaletako auzoetan ume eta familien harrera ikusgarria da.

Zerk bultzatzen zaitu beste pertsonei laguntza ematera?

Nire ustez, justizia kontua da mundu hobea egiten laguntzea, ahal den neurri txikian bada ere. Bestalde, ni salestarra naiz, kristaua eta apaiza. Ezin gara ezer egin gabe gelditu herri behartsuen premien aurrean. Ebanjelioak besteei ahal den neurrian laguntzea eskatzen du.

Noiz arte egongo zara?

Abuztuaren 6an daukat itzulerako hegazkina. Andramaixek herrian pasatzeko asmoa daukat.

Esperientzia gomendagarria al da?

Bai. Beti da interesgarria beste herrietako egoerak ezagutzea. Boluntarioa izateak norberari ematen dio laguntzarik handiena. Herriko gazteei gomendatuko nieke boluntario zerbitzu bat aukeratu eta aurrera eramatea. Guru inguruan bertan ere izan daiteke, gizarteko hainbat arlotan. Kolonbiako kasuan, boluntariotza luze samarra komeni da, egoera sakon ezagutu eta laguntza benetan baliagarria eskaintzeko. Baina aukera asko egon daitezke, agian unibertsitatea amaitzean, bizitza norberaren eskuetan hartu, eta besteen alde denboraldi bat emateko.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide