Imanol Larrañaga: «Kirola egiten balore asko lantzen dira; hori da garrantzitsuena eta ez emaitza»

Maxixatzen.eus 2017ko uzt. 6a, 10:45
Imanol Larrañaga lasterketa batean.

Imanol Larrañaga “Bitturi” Floreagako ikasle ohia da. Kirolean gogor aritzen da. Futbolean Anaitasunan aritu zen urte batzuetan. Gaur egun mendiko lasterketa arloan punta-puntan dabil. Irakurri Floreagako Gure Artean aldizkariak ekaineko alean egindako elkarrizketa.

 

Zein dira zure txikitako oroitzapenak?

Burura etortzen zaizkidan txikitako oroitzapen gehienak jolasean pasatakoak dira; majina bat ordu pasa genituen futbolean, pelotan, zapoketan, kaniketan, ixkutaketan... Egia esan, ikastea ez zitzaidan asko gustatzen eta nire oroitzapen politenak jolasean pasatakoak dira; lagun talde bikaina nuen, oraindik ere badudana, eta zoragarri pasatzen genuen.

Nola baloratzen duzu zure futbolari etapa. Ze balantze egingo zenuke?

Futboleko oroitzapen oso onak ditut. Txikitan nire pasioa zen. Floreaga ikastetxean hasi nintzen jokatzen eta ondoren Anaitasunako maila desberdinetan ibili nintzen. Handik Lagun Onak-era joan nintzen bi urtetarako eta futboleko nire azken urtea Ondarruko futbol taldean egin nuen. Futboleko oroitzapen onenetako bat Anaitasuna taldearekin Hirugarren mailara igoerakoa izan zen. Talde bikaina genuen fisiko, tekniko zein moralki. Futbolak eman didan onena egin dudan lagun pila izan da.

Zein da zure gaur eguneko kirol jarduna?

Futbola laga ondoren, nire erara hasi nintzen kirola egiten garaiaren arabera: mendia, eskia, bizikleta... Duatloi bat ere egin nuen eta gustatu egin zitzaidan. Emaitza gero eta hobeak lortzen nituenez, motibazio gehiagorekin entrenatzen hasi nintzen eta horren emaitza hor agertu zitzaidan: Spring distantziako Euskadiko txapeldun izatera iritsi nintzen. 4 urtetan ibili nintzen duatloietan eta gero mendi lasterketetan hasi nintzen. Azken 3 urteetan horretan nabil.

Nola prestatzen zara astean zehar?

Nire prestakuntzak ez dauka misterio handirik, normalean astean bost bat egunetan entrenatzen dut eta dudan gogo eta sentsazioen arabera izaten dira entrenamenduak; ez dut prestatzaile fisikorik. Mendi lasterketetan aritzeko onak dira asfaltoan eta mendian korri egitea, bizikletan ibiltzea... eta tartekatuz egiten ditut hirurak. Hori bai, maila on batean izateko buru pixka batekin eta lasterketen arabera planifikazio bat eginda entrenatu behar da eta zeure gorputza ondo ezagutu beharra dagoela iruditzen zait; hori urteen poderioz ikasten da.

Nola planifikatzen duzu urtea? Zein dira momenturik garrantzitsuenak?

Normalean ez zait gustatzen planifikazio jakin bat egitea urtearen hasieran; sentsazio eta gogoen arabera momentuan antolatzen dut. Aurrez pentsatua izaten dudan bakarra Zegama Aizkorriko maratoia da. Maiatza bukaeran izaten da. Hori dela eta, urte hasieratik tope hastea ez zait gustatzen, bestela garai horretarako bai fisikoki eta bai moralki nekatuta egoten naiz.

Zein izan dira esperientzia politenak mendi lasterketetan?

Egia esan esperientzia asko eta onak ari naiz pasatzen, baina sekula ahaztuko ez zaizkidanak Euskal Selekzioarekin pasatakoak izango dira. Korrikalari onenen artean aritzeko aukera eman zidaten eta hasiera batean neuk ere ez nuen sinesten. Lehenengo urtean asko gozatu nuen, baina emaitza txukunak lortu nituen. Bigarren urtea desberdina izan zen. Talde baten barruan egotean, neure buruari asko exijitzen nion, nire taldekideak ere oso onak ziren eta nik ere aurrean ibiltzea nahi nuen. Neure burua presionatzen nuen eta kirola disfrutatzetik ez disfrutatzera pasatu nintzen. Hori dela eta, taldea uztea erabaki nuen. Orain neure erara nabil eta kirolaz asko gozatzen dut.

Zure iritziz, zein dira zure kirolak dituen giza baloreak?

Mendi lasterketak gaur egun oso modan daude; ia herri guztietan antolatzen da mendi lasterketa bat. Udaberrian, astebukaera denetan dago lasterketaren bat. Lasterketa horiek antolatzeak lana eskatzen du. Normalean herriko mendi taldeak edo korrikako taldeak antolatzen du lasterketa eta biltzen hasten dira hilabeteak lehenago. Bolondresek osatutako taldeak izaten dira eta eskertzekoa da egiten duten lana. Lasterkarien artean harreman ona dugu geure artean. Lasterketetan zehar ere elkar animatzen joaten gara, elkarri lagunduz. Aurrean edo atzean ibili berdin da, bakoitzak bere maila dauka eta daukan onena ematen saiatzen da. Lasterketa ondoren kaña bat hartzeko ez daukagu inolako arazorik, aurrean ibili edo atzean, denok elkarrekin. Orokorrean esango nuke, giro sanoa eta borondate onekoa dela.

Neska eta mutilen heziketan, zer da oso garrantzitsua, zure ustez?

Gaur egun zoritxarrez lehiaketak eta lasterketak oso ezagunak dira denon artean. Umeei gustatzen zaiena egiten utzi behar zaie, eta egiten dutenaz disfrutatzen. Lehengo igandean ikusi nuen adibide bat kontatuko dizuet: Erniora nindoan eta Zelatunetik gora 7 bat urteko neskatxo bat zihoan gurasoekin. Neskatilak ez zuen igotzen jarraitzerik nahi, negarrez ari zen eta nekatuta zegoela esaten zien gurasoei. Gurasoek gora igo beharra zuela esaten zien, bere gelakideak igotzen zirela eta gutxi falta zela. Negarrez, gurasoei eskutik helduta ia arrastaka eraman zuten gora. Horrelako jarrerarekin nahiko al du hurrengo igandean neska horrek mendira joatea? Mendia gorrotatuko du eta gelakideak baino txarragoa dela pentsatuko du neskak. Adibide horrekin esan nahi nuena da gazteek nahi duten kirola egin behar dutela eta disfrutatu egin behar dutela. Bestela alferrik da.

Zer da gehien gustatzen zaizuna Azkoitiko herrian?

Azkoitiko herria oso gustukoa dut, herri lasaia da eta mendi ederrez inguratuta dugu, kosta ere hurbil geratzen zaigu...Pribilegiatu batzuk gara. Kalean dugun giroa ere oso giro herrikoia dela esango nuke eta gazte kuadrilla ezberdinen artean oso harreman ona dela nabaritzen da.

 

 

Azketa-Erlo erlojupekoa

2015eko urriko larunbat batez, Azketako iturritik Erloko tontorrera erlojupean hamar minutu azpitik iristea zen erronka, eta eskualdeko lau korrikalarik lortu zuten. Imanol Lariz izan zen irabazlea gizonetan, eta Maite Maiora, emakumeetan. Urola Kostako lehena Imanol Larrañaga Bitturi izan zen, 9 minutu eta 12 segundoan. “Sasoi onean” iritsi zen azkoitiarra probara, “denboraldia bukatu berri”, eta “gustura” dago eginiko denborarekin. “Proba berezia izan zen, eta gustatu zitzaidan. Hasieratik eman nuen nik baiezkoa”, azaldu du. Uste zuena baino jende gehiago aurkitu zuen azkoitiarrak bazterretan: “Azpeitiar eta azkoitiarrez beteta zeuden txokoak, uste genuena baino jende gehiago hurbildu zen. Ezagunen ahotsak entzuten nituen behetik gora nindoala, eta horrek asko lagundu zidan”. Larrañagak azaldu du bi bide aukeratu zituztela korrikalariek: zuzen-zuzena edo hasierako zatian bihurguneak egin eta bukaeran zuzen hartuta. Azkoitiarrak bigarrengoaren alde egin zuen: “Hiru aldiz joan naiz Erloko tontorrera. Lehena oinez egin nuen, zuzen, eta ikusi nuen hori ez zela nire hautua. Ondoren, Azketatik irten eta bihurgune batzuk sartuta saiatu nintzen, eta horixe egin nuen larunbatean ere”. Nork hartu bide onena, hori zen gakoa. “Bakoitzak nahi zuen bidea har zezakeen Azketatik Erlora, horregatik zen apustu polita”.

 

 

Testa

Edaria: Ura

Janaria: Arroza

Liburu bat: Ganar a cualquier precio

Mutil izen bat: Iurgi

Neska izen bat: Araitz

Kirola: Mendia

Pelikula: El Padrino

Aktore bat: Morgan freeman

Bidaia bat: Menorca

Mendi bat: Erlo

Hondartza bat: Macarela

Nazio bat: Euskal Herria

Herri edo hiri bat: Iruñea

Kolore bat: Urdina

Urtaro bat: Udaberria

Zaletasunak: Lagunartea eta kirola

Pertsonaia historiko bat: Nelson Mandela

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide